Zuhaitz-biomasa bera Kongon eta Kanadan
2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Burua asko nekatu barik, arrazoizkoa dirudi tropikoan lurralde epelagoetan baino biomasa gehiago dagoela pentsatzeak. Izan ere, tropikoan zuhaitz-espezie gehiago daude eta, orain arte uste zenaren arabera, zenbat eta espezie gehiago izan biomasa ere ugariagoa da.
Hala ere, landare-biologiako katedradun Niklas-ek eta Enquist biologoak egindako kalkuluen arabera, azalera-unitateko dagoen biomasa-kantitatea bera da bai ekuatorean bai iparraldeko lurraldeetan. Ikerketa egiteko, Alwyn Gentry biologoak mundu osoko 227 lekutan jasotako datuak erabili dituzte. Hil aurretik, Gentryk hainbat latitudetako landareak kontatu eta neurtu zituen.
Datu horiekin, ikertzaileek diametro jakineko zuhaitzen maiztasunaren banaketa estatistikoa determinatu zuten toki bakoitzerako eta, ondoren, zuhaitz-biomasa kalkulatu zuten. Ikertzaileen ustean, biodibertsitateak ez dio biomasari asko eragiten, sustraiak botatzeko lekua eta eguzki-argia lortzeko lehian zuhaitz guztiek antzera jokatzen baitute. Azken batean, diote, zuhaitza beti zuhaitz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia