}

Zorionak, Ekaia

2009/12/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

EHUk 1989. urtean argitaratu zuen Ekaia aldizkariaren lehen zenbakia. Hogei urte geroago, aldizkariaren erredakzio-batzordeak ekitaldi bat antolatu du EHUk Bilbon duen Bizkaiko Esperientzia Gelan, aldizkariaren urteurrena ospatzeko.

Ekaia aldizkariaren azken zenbakia.

Ekitaldiak bi zati izan zituen. Lehenengoan, Jazinto Iturbe jauna omendu zuten, EHUko lehen euskara-errektoreordea, eta Ekaia aldizkariaren sorrera sustatu zuen lehen pertsona. Josu Jugo Ekaia ren zuzendariak eta Jon Irazusta EHUko euskara- eta eleaniztasun-errektoreordeak egin zuten sarrera. Ekaia aldizkariaren historiaz hitz egin zuten, eta, gero, Jazinto Iturbek berak hartu zuen hitza, omenaldia eskertzeko eta aldizkariaren lehen urteak gogoratzeko.

Bigarren zatian, zientzia euskaraz dibulgatzeko garrantziaz eztabaidatu zuten mahai-inguru batean. Parte-hartzaileak Juan Ignazio Perez EHUko errektore ohia, Gidor Bilbao EHUko Euskara Zerbitzuko zuzendari ohia eta Karmele Artetxe historialaria eta dokumentalista izan ziren. Ekaia ko batzordeko Fernando Plazaola jaunak gidatu zuen eztabaida.

Ekitaldian, urteurrena ospatzeaz gain, Ekaia aldizkariaren 22. zenbakia aurkeztu zuten, argitaratu berri duten azken zenbakia. Orain, urtean zenbaki

Jazinto Iturbe (Argazkia: Eider Carton).

bat argitaratzen dute, gutxi gorabehera, baina ez da beti horrela izan: lehen urteetan bina zenbaki argitaratu bazituzten ere, urte batzuetan ez zen zenbakirik argitaratu. Garaian garaiko zuzendariak eragina izan du. "Kepa Altonagak eta Fernando Plazaolak atera zituzten zenbaki gehien" gogoratzen du Jugok.

Azken bi urteetan, Josu Jugo bera izan da aldizkariaren zuzendaria. Eta, lanpostu horretan egonda, gogoz ikusten du etorkizuna. "Gure aldizkariaren erronka nagusia beti izan da aldizkaria bera sendotzea" dio. "Asko promozionatu behar da, ezaguna izan dadin. Nire ustez, gaur egun ezinbestekoa da Internet erabiltzea jendeak aldizkaria erraz lortu ahal izateko. Horregatik ari da unibertsitatea aldizkari elektronikoak bultzatzen; Ekaia ere bide horretatik joango da".

Kepa Altonaga, saritua

Ospakizunerako beste arrazoi bat ere izan zen ostiralean. Kepa Altonaga Ekaia ren zuzendari ohiak Pamiela argitaletxearen Juan Zelaia saria irabazi du.

Testu sarituak, "Darwin gurean" saiakerak, Darwinen teoriak Euskal Herrian izan zuen eragina aztertzen du. Oro har, medikuek ondo hartu zuten teoria berria. Elizak, aldiz, kontrako jarrera izan zuen. Hala eta guztiz ere, Altonagaren analisia hori baino askoz sakonagoa da, eta kontatzen dituen istorioak, aberatsagoak. Besteak beste, Leon Uthurbururen istorioa kontatzen digu, Galapagoetako Floreana uhartea erosi zuen iparraldeko indiano bat.

Udaberrian argitaratuko du Pamiela argitaletxeak saritutako saiakera.

Lehen hogei urteak egin ditu Ekaia aldizkariak, eta Juan Zelaia saria irabazi du Kepa Altonagak. Zorionak biei!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia