Zika birusa transmititzen duen eltxoa “etxekotu” izanak eragin du gaixotasuna epidemia bihurtzea

2020/11/20 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aedes aegypti eltxoaren bi subespezieen emeak: afrikarra (iluna) eta globalki inbasiboa bihurtu den asiar-amerikarra (argia). Laborategian, hainbat herrialdetako 14 eltxo-kolonia hazi dituzte ikertzaileek, eta Zika birusaren 7 zepa basati dituen odolaz elikatu dituzte. Hala, argitu dute eltxo amerikar eta asiarrak birusa bereganatzeko aukera handiagoa duela, eta, beraz, birus-kopuru handiagoa ere baduela transmititzeko. Arg. Greg Murray / Louis Lambrechts

Zika birusa transmititzen duen eltxoa ikertzeak hainbat gako eman ditu gaixotasunaren giza epidemiak nola sortu diren ulertzeko. Afrikako oihanetan bizi zen eltxoa da Aedes aegypti, baina hor ez du inoiz epidemia handirik eragin; Afrikatik kanpora zabaldu zenean eragin ditu epidemia larriak. Batez ere, Asian (2007az geroztik) eta Amerikan (2015az geroztik). Parisko Pasteur Institutuko ikertzaileek argitu dute Amerika eta Asiako eltxoaren subespezieak (Aedes aegypti aegypti) haren arbaso afrikarrak baino errazago transmititu dezakeela Zika birusa, eta uste dute eltxoa “etxekotzeak” ekarri duela arazoa. Izan ere, Asiako eta Amerikako eremu urbanizatuetan, ura eta zaborra biltzeko edukiontzietan ugaltzen da eltxoa, eta han, gizakiak ziztatzen espezializatu da, Afrikan ez bezala.

Bi faktoreak, eltxoa birusarekiko sentikorragoa izatea eta, gainera, gizakietan espezializatu izana, ez dirudi hautespen natural erlaxatu batek eragin duenik, arbobirusek ez baitute eltxo-populazioen gaineko indar selektibo esanguratsurik eragiten: oihanean, Zika birusak han bizi diren hainbat eltxo-espezie infektatzen ditu, eta, aldi berean, Aedes aegypti eltxoak hainbat animaliari transmiti diezaieke birusa, ez bakarrik gizakiei. Hortaz, ikertzaileek uste dute Asia eta Amerikako inguru urbanizatuetako bizimodura egokitzearen ondorio izan dela aldaketa.

Gaur egun, A. aegypti da arbobirusen bektore nagusia munduan, Zika birusa, dengearen birusa eta sukar horiaren birusa ez ezik, hedatzen ari diren arbobirus berriak ere transmititzen baititu; hala nola, chikungunya birusa. Ikertzaileen ustez, natur eremuen urbanizazioa eta globalizazioa izan daitezke gaixotasun horiek epidemia bihurtzearen eragileak. Orain arte, arreta gutxi jarri zaio eltxoaren etxekotzearen eta hedapen globalaren ondorioei, baina, klima-larrialdiaren eraginez, oraingo eremuetatik kanpo ere zabaltzea espero dute. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia