}

Zientzialariek joera diskriminatzaileak dituzte artikulu zientifikoak aipatzen dituztenean

2022/06/06 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zientzialariek-joera-diskriminatzaileak-dituzte-ar
Arg. Elhuyar

Lan zientifiko bat argitaratzen denean, jorratu den gaiari buruz aurretik egin diren ikerketa esanguratsuenak aipatzen dira beti. Ondorioz, ikerketek zitazio-indize bat izaten dute, ordura arte artikulua zenbat aldiz aipatu den adierazten duena. 35 urtetako 20 milioi artikulu zientifikoetako aipamenak aztertuta, ikusi dute joera baztertzaileak azaltzen direla. Izan ere, artikuluaren kalitatetik harago doan aldagai batek baldintzatzen du, nabarmenki, hura aipatzeko izango duten joera: ikertzaileen jatorriak.

Hiru herrialde dira aipamen gehienak jasotzen dituztenak, etengabe: AEB, Erresuma Batua eta Txina. Eta aipamenetatik kanpo geratzeko joera dute beste herrialde batzuek: Brasilek, Mexikok eta Turkiak, besteak beste. Beti ere, kalitate bereko ikerketak konparatuz. Ikertzaileek azpimarratu dute zientziaren alor guztietan gertatzen dela, gainera, eta gorantz doala joera.

Ondorioz, kanpoan geratzen ari dira, sistematikoki, jatorri jakin batzuetako ahotsak. Haien ezagutza ez da sartzen zientzia globalean. Eta horrek zientzia unibertsal eta etiko bat sortzea eragozten du. Izan ere, zientziaren narratiba ofiziala herrialde batzuen esku geratzen da, batez ere.

Beste ondorio bat ere aipatu dute: aipamen zientifikoak izanik ikertzaileen eta herrialdeen artean ideiak partekatzeko erabiltzen den modua, joera baztertzaile honek ideien fluxua eten egiten du, eta ideia berritzaileak zabaltzea eta baliatzea eragotzi dezake. Nature Human Behavior aldizkarian argitaratu da ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia