}

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea Elhuyarren

2008/11/14 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aurtengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea azaroaren 12tik 16ra ari dira ospatzen. Jardunaldien helburua da zientzia guztioi gerturatzea eta guztiok zientziaren partaide izatea.Elhuyarrek ere parte hartu du antolatu diren karpa eta ekitaldietan. Hain zuzen ere, Teknoskopioa Ideia Lehiaketaren sari-banaketa aste horren barruan egin du eta Donostiako karpako partaide da.

Aurtengo Teknoskopio Ideia Lehiaketaren irabazleak, Ivan Matellanes, Anais Sánchez eta Ainhoa, Aida eta Talmay.
L. Cancio

Bosgarren urtez antolatu dute Elhuyar Fundazioak eta Innobasquek DBHko 2. zikloko, batxilergoko eta LHko ziklo ertaineko ikasleei zuzendutako Teknoskopioa Ideia Lehiaketa. Sari-banaketa Donostiako Cristina Enea parkeko Ingurumen Baliabideen etxean egin da. Haraino gerturatu dira sarituak, haien ikaskideak eta irakasleak, eta han izan dira sariak banatzeko Gaizka Zulaika Gipuzkoa Berritzen elkarteko zuzendaria, Innobasqueren izenean; Teresa Santos, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiko zientzia-hezkuntza programaren arduraduna; eta Itziar Nogeras, Elhuyarko zuzendari nagusia.

Aurten, partehartzaileek erronka handia izan dute: mundua salbatuko duen superheroi baten azalean jarri behar zuten, eta superheroi horren bloga sortu: superbloga, alegia. Blog horretan, supereheroi bakoitzak bere botere eta ekintzen berri eman du, Lurra salbatzeko egin dituzten ekintzen berri, hain zuzen ere. Guztira, 110 blog aurkeztu dira, eta horietatik hiru saritu dituzte.

Lehen saria Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastetxeko Anais Sánchezek irabazi du, Berdundis superheroiaren blogarengatik. Aurtengo blog onena sortzeagatik bideokamera bat jaso du Sánchezek. Bigarren saritua Donostiako La Anunciata Ikastetxeko Iván Matellanes izan da. Matellanesen blogaren protagonista Earthman superheroia izan da, eta argazki-kamera bat jaso du opari. Bukatzeko, hirugarren saria talde batentzat izan da, Bilboko Luis Briñas institutuko Aida, Ainhoa eta Talmayk osatutako taldearentzat. Talde horrek Forestwoman-en bloga sortu du, eta argazki-kamera digital bana jaso dute opari. Sari guztiak Eroski Fundazioaren eskaintza izan dira.

Zientziaren karpa

Elhuyar Fundazioak bi stand ditu ikusgai aurten Donostiako karpan. Zientziaren Komunikazioa Sailak martxan dituen egitasmo guztiak aurkeztu ditu. Gaztetxoen eta hain gaztetxo ez direnen dibertimendurako, gainera, taula periodikoan oinarritutako Wii joko bat jarri dute, jendeak jolas egin dezan.

AnHitz, zientzia- eta teknologia-gaietako aditu birtuala.

Gainera, AnHitz aurkeztu dute, zientzia- eta teknologia-gaietako aditu birtuala. AnHitzek pertsona baten itxura du, baina birtuala da erabat. Egin zaion galdera bati erantzun egokiena bilatzen dio, eta terminoak ere bila ditzake. VICOMTech-IK4 eta Robotiker-Tecnalia zentro teknologikoek, Elhuyar Fundazioaren I+G unitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) IXA eta Aholab taldeek parte hartu dute proiektuan.

Bigarren standean, Eleka Ingeniaritza Linguistikoko kideek sorturiko hainbat aplikazio erakutsi dituzte, hala nola Elebila bilatzailea, Opentrad aldibereko itzultzailea, eta hara gerturatu direnek sakelako telefonora hiztegia jaisteko aukera izan dute

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia