}

Zientzia, sinesmenak eta zientzialariak

2014/05/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela gutxi, txertoei buruzko kanpaina baten eraginaren berri eman du Britainia Handiko Osasun Ministerioak. Hain zuzen, han oso zabaldua dago txertoek autismoa izateko arriskua areagotzen dutela, eta askok uko egiten diote haurrak txertatzeari. Horren aurrean, Osasun Ministerioak informazio-kanpaina bat egin zuen; eta orain kanpainaren eragina aztertu dute. Emaitza: nahi zutenaren aurkakoa lortu dute; alegia, informazioa jaso ondoren, txertoen kontrakoek lehen baino are sinestuago daude txertoak txarrak direla. Hala, informazioa ematea kalterako dela eta estrategia aldatu behar duela ondorioztatu du Osasun Ministerio britainiarrak.

Hasiera batean kanpainak emaitza hori izatea bitxia badirudi ere, zientzialari batzuk aspaldi konturatu ziren ohiko jokabidea dela. Psikologoek eta neurozientzialariek azaldu dutenez, informazio berria jasotzen dugunean, aurretik genituen sinesmenei eusteko joaera dugu. Are gehiago: informazio berriak uste genuena hankaz gora jartzen badu, arrazoitzera jotzen dugu, baina, arrazonamendu horretan, gai gara informazioa gure aurreiritzi edo usteen arabera interpretatzeko. Hau da, aurretik genuen ustea sendotzeko erabiltzen dugu informazio berria. Justu txertaketen kanpainarekin gertatu den bezala. Eta gauza bera gertatzen da beste gai batzuekin ere, adibidez, klima-aldaketarekin,eboluzioarekin edo munduaren amaierarekin.

Erresonantzia magnetikoaren bidezko iruditeria erabilita, neurozientzialariek frogatu dute, arrazoitzean, nahitaez eragiten dutela emozioek, eta, gainera, norbera jabetu baino lehen azaltzen direla. Tarte txikiarekin bada ere, milisegundotakoa, pentsamendu kontzientea baino lehenago azaltzen dira pertsonei, gauzei eta ideei buruz ditugun aldeko edo kontrako emozioak. Zientzialarien arabera, garunaren mekanismo hori oso mesedegarria izan da gure espeziearen biziraupenerako, etsaien edo ezustekoen aurrean azkar erreakzionatzeko gaitasuna eman digulako.

Horrelakoak gara, beraz. Arrazonamenduan oinarritzen gara, baina arrazoiaren aurretik, emozioek eragiten digute. Ongi da. Zer gertatzen da, ordea, zientzialariekin? Haiei ere gertatuko zaie gauza bera, pertsonak baitira. Hori jakinda, hartzen dituzte neurriak, sinesmenek eta usteek ikerketetan izan ditzaketen ondorioak bazter uzteko?

Bada, zientzia-aldizkarietan eta blogetan argitaratutako artikulu eta iritzien arabera, ez dirudi auzia guztiz ebatsita dagoenik. Esaterako, 2012an Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean, Daniel Sarewitz Arizonako Unibertsitateko Zientzia eta Politika Partzuergoko zuzendariak salatzen du akatsak daudela eraginen kontrolean. Haren ustez, arazoa da gaur egun emaitza positiboak bilatzen direla, eta emaitza espero denaren aurkakoa bada, ezkutatu edo alboratu egiten dela. 

Sarewitzen esanean, joera horrek kolokan jartzen du ikerketen balioa, eta sinesgarritasuna galtzea dakar gizartean. Horregatik, irtenbide errazik ez dagoela onartzen badu ere, konponbidea bilatu behar dela aldarrikatzen du.

Sarewitzen esanak aldeko zein aurkako iritziak bildu zituen, eta oraindik ere zientzia-komunitateak jarraitzen du eztabaidatzen gai horri buruz. Behintzat, gehienak bat datoz puntu batean: emaitzen zuzentasuna bermatzea gako da zientziak gizartean duen sinesgarritasunari eusteko.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia