Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa: oro ez da urre

2017/12/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zientzia-eta-teknologiari-buruzko-pertzepzioa-oro-
Jende-multzo bat, breakdance ikusten Gasteizen. Arg. Alberto Cabello/CC-BY

EAEko biztanleek  zientzia eta teknologiaren inguruan duten iritziari buruzko txostena  argitaratu berri du Eusko Jaurlaritzak. Haren arabera, azken bost urteotan hazi egin da gai horiekiko interesa. Hain zuzen, 1etik 5erako eskalan, 3 izan zen 2012ko emaitza (2006an bezala), eta orain, berriz, 3,4. Hala, kirolak baino interes handiagoa pizten dute (2012an 3,3koa zen kirolarekiko interesa, eta geroztik ez da aldatu), eta zinemak, arteak eta kulturak dutenarekin parekatzen da.

Dena den, beste arlo batzuek are interes handiagoa erakartzen dute. Hain zuzen, denen gainetik daude hezkuntza, eta elikadura eta kontsumoa (biak 3,9rekin), eta medikuntza eta osasuna, eta ingurumena eta ekologia (biak ere 3,8rekin). Aipatzekoa da azken arlo horiek denak zientzia eta teknologian barruan ere uler daitezkeela, baina era honetako azterketetan horrela bereizten dira.

Adinaren arabera, gazteenak dira zientzia eta teknologiarekiko interes handiena aitortzen dutenak (18-29 urte), eta generoari erreparatuz gero, berriz, gizonak dira interesatuenak. Zenbateraino dauden informatuta galdetutakoan ere, gizonek hobeto informatuta daudela uste dute, emakumeek baino.

Norberaren interesak alde batera utzita, jendeak oro har oso ondo baloratzen du zientzialarien lana. Hain zuzen ere, hori da baloratuena, medikuen ondoren. Atzetik datoz irakasleak, ingeniariak, epaileak, enpresariak, kazetariak... Behetik gora hasita, berriz, okerren baloratutakoak politikariak dira, eta ondoren datoz erlijiosoak eta kirolariak. Gainera, azken bost urteotan hazi egin da zientzialarien balorazioa. Beste alderdi batzuetatik ere oso ondo ikusia dago: gazteentzako erakargarria dela uste du jendeak, eta norberarentzat aberasgarria. Hori bai, gizartearen errekonozimendu eskasa duela aitortzen dute, eta diruz gaizki ordaindua dagoela.

Argiak eta ilunak

Gehienek esaten dute zientziaren eta teknologiaren onurak handiagoak direla kalteak baino, baina eztabaida sortzen duten teknologiez galdetzean, kalteen aldera makurtzen da balantza. Hori gertatzen da, esaterako, klonazioan, genetikoki eraldatutako organismoen hazkuntzan, energia nuklearrean eta frakingean. Azken honetan, nabarmentzekoa da % 20k ez dakiela zer den, eta beste askok (% 17) ez dute erantzun.

EAEko biztanleek uste dute hobe dela gai hauek adituen esku uztea, baina, azken urteotan jaitsi egin da hori erantzun dutenen ehunekoa. Nolanahi ere, legeak eta arauak egitean, jakintza zientifikoari bezain besteko garrantzia ematen diete balioei. Eta baikorrak dira zientziaren eta teknologiaren ahalmenez galdetutakoan; izan ere, hamarretik bat guztiz ados eta beste heren bat nahiko ados dago esaldi honekin: "zientzia eta teknologiak munduko arazo handietako asko konponduko dituzte, hala nola klima-aldaketa, gosea eta abar".

Alde iluna ere ikusten diote, dena den: hamarretik ia hiru nahiko ados dago ikerketa zientifikoaren zati handi bat ez dela fidagarria, finantziazio pribatuaren mende dagoela. Baina ez dute uste zientzia eta teknologia gure gizartearentzako arrisku-iturri direnik.

Oinarrizko ezagutza zientifikoaz eta sasizientziez eta sinesmenez ere galdetu diete, besteak beste, azterketa horretan, eta badago non hobetu. Adibidez, hamarretik ia bik oraindik uste dute lehen gizakiak eta dinosauroak garai berean bizi izan zirela; eta hiruk uste dute antibiotikoek birusek zein bakterioek sortutako infekzioak sendatzen dituztela. Oraingoz, beraz, jakintza ez da interesaren parekoa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia