}

Zerk izoztu zuen Lur planeta osoa?

2004/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako zientzialarien arabera, kontinenteen mugimenduaren ondorioz izoztu zen mundu osoa duela 750 milioi urte.

Garai hartan, lehorreko lurrak Rodinia izeneko superkontinente bat osatzen zuen, eta plaka tektonikoen mugimenduak puskatan banatu zuen.

Puskatze hori ikertu dute ordenagailuko eredu baten bitartez. Adituen ustez, itsaso asko lurruntzea eragin zuen, eurite asko sortu zituen, eta, ondorioz, zoruaren higadura handitu zuen. Prozesu horiek guztiek harrien eta atmosferaren arteko erreakzioak azkartu zituzten.

Erreakzio horietan atmosferako karbono dioxidoak hartu zuen parte, eta, pixkanaka, kontsumitu egin zen. Azkenik, karbono dioxidoa desagertzeak berotegi-efektua desagerrarazi zuen, eta Lurraren tenperatura asko jaitsi zen.

Lur osoa horregatik izoztu zela uste dute zientzialariek. Hain zuzen ere, duela 750 milioi urte, Lurrak izotzezko pilota baten itxura hartu zuen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia