}

Zergatik sortu zen sexua?

2003/01/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Ugalketa sexualak eboluzioan abantailak dituela frogatu du biologo batek.

Zientzialariek aspalditik galdetu izan diote hori beren buruari. Bizia sexurik gabe sortu zen; 'hasierako' bizidunak mikroorganismoak ziren eta erdibitzearen eta antzeko prozesu batzuen bitartez ugaltzen ziren; gaur egungo mikroorganismoak bezala. Baina eboluzioaren une batetik aurrera, hainbat bizidunek ugalketa sexuala garatu zuten, hau da, espezie bereko beste batekin geneak trukatzen zituzten ugaltzeko. Aitaren gene batzuekin eta amaren beste batzuekin, erdibidekoa izatea lortzen du umeak.

Egia esan, horrek ez du esan nahi geneak 'aukeratu' egiten direnik. Umeak, ordea, aitaren eta amaren gene guzti-guztiak izaten ditu; horregatik ditugu guk kromosoma bakoitzaren bi kopia. Baina oso prozesu konplexu batean, umeak aitaren gene batzuk eta amaren beste batzuk blokeatzen ditu, talde 'bakarra' erabiltzeko.

Zer abantaila du horrek? Ez dago oso argi, baina badira hainbat hipotesi. Horietako batek dio sexuak eboluzioan laguntzen duela. Azken batean, guraso bakoitzaren gene onenak hartuz gero, umeak gurasoek baino ezaugarri genetiko hobeak izango ditu. Baina, horretarako, gene ezberdinak izan behar dituzte aitak eta amak, hau da, mutazioak izan behar dituzte, eta mutazio onak, gainera.

Hipotesi hori baieztatzeko, N. Colegrave biologo britainiarrak tarteko kasu bat aztertu du; ugalketa sexuala zein asexuala izan dezakeen Chlamydomonas reinhardtii algarekin egin ditu esperimentuak. Alga batzuk asexualki ugaldu ditu eta beste batzuk sexualki, eta, belaunaldi asko jaio ondoren, bi taldeen hazkuntzak konparatu ditu.

Emaitza argia da: ugalketa sexualak egokitze-abantaila handitu egiten du mutazio onuragarriak izaten diren kasuetan. Baina mutazio onuragarriak nahitaez izan behar dituzte, hau da, egokitze-prozesuan laguntzen duten mutazioek eragiten dute abantaila. Hori da eboluzioaren indar eragilea.

Eta noiz izaten dira mutazio onuragarriak? Erantzuna erraza da: naturan mutazio onuragarriak izaten dira populazio oso handiak diren kasuetan. Populazio horietan mutazio-mota guztiak izango dira, onuragarriak nahiz kaltegarriak; eboluzioa, noski, onuragarriez baliatzen da aurrera egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia