}

Zer jaten dugun ere ez dakigu

2000/11/14 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Elikagai segurtasuna bermatzeko, pentsuak ez ezik, hormonak eta albaitaritza botikak ere neurtu behar dira. Europako Batzordeak azterketa metodo berria asmatu du

Behien entzefalopatia espongiformea (BSE) dela eta, azken aldian, asko hitz egiten da elikagaien kalitate-kontrolez. Hala ere, kalitatea ez da pentsuen erabilerara mugatzen eta nahiz eta batzuetan ez gehiegi arduratu, eguneroko arazoa da. Horregatik, ezinbestekoa da osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen hormona eta albaitaritza sendagaiak erabiltzeko ohitura neurtu eta kontrolatzea. Asmo horrekin ari da lanean Europako Batzordea. Izan ere, hilabete honetan amaituko da bi produktu horiek erraz detektatzeko Batzordea egiten ari den proiektua. 30 hilabetez luzatu den ikerketa horretan, Europako sei herrik hartu dute parte. Helburua, analisi fidagarri eta lasterrei esker, elikagai segurtasuna bermatzea da, batez ere, esneki eta haragietan.

Orain arteko azterketak

Orain arte erabili diren teknikak produktu horien zati bat besterik ez dute detektatzen eta, gainera, analisia amai-tzeko denbora luzea behar izaten da. Ez da, beraz, harritzekoa, noizean behin, merkatuan elikagai kutsatuei sarbidea galarazteko berantegi ibiltzea. Aurrerantzean horrelakorik gerta ez dadin, elikagaietan ikerketak erraztu eta lastertzeko, beste era bateko analisiak egiten dituen biodetektagailua asmatu dute.

Biosentsoreak hormona eta medikamentuen molekulekiko iman bat bezala funtzionatzen du. Hau da, analizatu behar den elikagaiaren azalean jarriz gero, molekula horiek guztiak erakarri egiten ditu. Ondoren, beraien kon-tzentrazioa neurtzeko, ezinbestekoa da molekula horiekin elkartuko diren antigorputzak gehitzea. Hortik aurrerako azterketa efektu optikoan oinarritzen da. Biosentsoreari argia bidaltzen zaio eta berak zein norabidetan itzultzen duen ikusiz, molekulen kontzentrazioa ondorioztatzen dute.

Azterketa edozein haragi eta esnekitan egin daiteke, eta gainera, hiru bat minutu besterik ez ditu eskatzen. Hasieran, kontrol ofizialak egiten diren elikagai laborategietan eta haragi eta esne asko ekoizten diren lekuetan erabiliko da. Elikagai laborategiei, ekoizle handiei eta kontsumitzaileen elkarteei teknika horren berri eman zaie.

Horrela, aurrerantzean antibiotikoz sendatzeko ohitura gutxitu eta hormonen erabilera neurtu egingo direla espero da. Hala ere, Jean Glavany Frantziako laborantza ministroak bere hitza bete eta behien bazkan animalien gantz oro erabiltzea debekatu arte, ezin daiteke esan azterketa horiekin elikagai segurtasuna behin betikoz bermatuko dutenetz.

Bitartean, bakoitzak aukeratu beharko du. Orain arte bezala jarraitu edo, gehiegi beldurtuz gero, barazkijale bihurtu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia