Zenbakiak, ondo erabili beharreko erreminta

2020/04/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Aipatzekoa da egun hauek zenbakiz betetako egunak direla. Bitxia bada ere, denok gaude zenbakiei begira: kutsatuen zenbakiei, hildakoen zenbakiei eta abar. Hala ere, errespetu gutxi diegu zenbakiei egun hauetan.

COVID-19ak eragindako heriotzen eragina klatetutako herrialdetako heriotze-tasetan Arg. CCO - Eduardo Valle

Zenbakiak entzun ondoren informatiboetan esaten dute: utz ditzagun zenbaki hotzak, eta begira diezaiegun pertsonen istorioei.  Eta nik pentsatzen dut zenbakiak zer dira bada?  Ez al dira dira gizakion ezaugarri bat? Ez al dira pertsonok sortutako zerbait?

Txiki-txikia nintzenean nire aitonak kontatzen zidan nolakoa zen mundua bere ikuspuntutik, nik poliki-poliki ikasten joateko. Nire aitona gaurko informatiboetan izango litzateke pertsonon arketipoa. Maitagarria, arduratsua eta ni munduan moldatzen laguntzen ninduena. Bada, egun hauetan zenbakiek ere kontatzen didate nolakoa den mundua, haien ikuspuntutik, nik gaixotasun larri baten aurrean moldatzen ikas dezadan. Epidemia nola eta zenbat zabaltzen den. Arriskua handia edo txikia den. Gaixotasun horren zabalkundeari begiratzeko daukagun modu onenetako bat dira zenbakiak. Ez da modu bakarra, baina bada nagusietako bat. Nire aitona bezala, txikia nintzenean.

Baina bada alde handi bat. Nire aitona ederki moldatzen zen niri gauzak azaltzen. Ahalegin handia egiten zuen mezua behar bezala niri helarazteko. Zenbakiak, aldiz, erremintak dira. Mailua erabiltzen jakin behar dudan bezala, zenbakiak erabiltzen eta interpretatzen jakin behar dut. Denon lana da hori. Ez dira matematikari espezializatuen altxor ezkutuak; denon erremintak dira eta denok jakin beharko genuke erabiltzen.

Denok jakin beharko genuke portzentajeak ez direla erabilgarriak, kopuruen zenbaki osoak ere ematen ez badira. Hau da, 1.000 pertsona kutsatu badira gaur, horren % 2a, 20 pertsona dira. Baina 2.000 kutsatu baldin badira, horren % 2a ez da aurreko % 2aren berdina. Orain 40 pertsona dira, bikoitza. Ezin dira konparatu portzentajeak ez badakigu zenbaki absolutuak zein diren. Beraz, informatiboetan ez dugu esan behar “atzo % 3,6 kutsatu gehiago izan ziren, eta gaur % 3,5. Beraz, gutxiago kutsatu dira”. Ez! ondo irakurri behar dira zenbakiak. Eta hori adibide bat besterik ez da.

Ulertu behar da zer adierazten duten ematen dizkiguten zenbakiek. Hildakoen kopuruak beherako joera baldin badu (aste osoan zehar adibidez), nahiz eta egun batean gora egin, agian joera ez da aldatu. Datu bakar batek ez du zenbaki askoren joera aldatzen. Epidemia batean, neurtzen dugun ia edozer gauzatan bezala, zenbakiek gora eta behera egiten dute, eta horrek ez du esan nahi joera orokorra egunero aldatzen denik. Olatuek gora eta behera egiten dute, marea jaisten ari denean ere. Hori ulertzen da, ezta? Ba, hemen, berdin. Errespeta ditzagun zenbakiak, eta erabil ditzagun erabili behar diren bezala, behar beharrezkoak direlako, mundua nolakoa den kontatzen digutelako eta ia-ia pandemia honen eboluzioa nolakoa den kontatzen diguten bakarrak direlako. Azken batean, zenbakiak denon patrimonioa dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia