}

Zelula amak edozertarako

2002/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken urteotan, gaixotasunen sendabidea zelula amak erabiltzea izan daitekeela esan dute ikertzaileek. Gorputzaren ehun guztietan izaten dira mota horretako zelulak, ehuna hazteko ahalmena dutenak. Organo bat hondatuta badago, ehun osasuntsua sor daiteke zelula amak erabilita; baina edozein zelula amak ez du balio gorputzaren edozein organo sendatzeko.

Horregatik, zientzialariek proposatutako lehen irtenbidea enbrioien zelula amak erabiltzea izan zen, enbrioietan zelula ama asko ez baitaude espezializatuta. Baina enbrioi horiek klonatu egin beharko lirateke; irtenbide hori, beraz, oso gai polemikoa da. Horregatik, zelula amak pertsona helduen ehun guztiek dituztenez, ikertzaile asko ari dira bide hori jorratzen beste konponbide batzuen bila.

Nature aldizkariaren ekainaren 20ko zenbakian, edozein ehun sendatzeko balio dezaketen zelula amak identifikatu dituzten bi ikerketaren berri eman zen. Lehenengoan, Minnesotako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek hezur-muinaren zelula amak erabili ditu mota askotako ehunak laborategian hazteko. Bigarrenean, Marylandeko ikertzaile batzuek Parkinson gaixotasuna tratatu dute saguetan dopamina sintetizatzen duten zelula ametatik abiatuta. Ikerketa horiek zelula amak hobeto ulertzeko ateak ireki dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia