}

Zalaparta, susmoak, epaia

2006/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zalaparta, susmoak, epaia
2006/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: W.S. Hwang)

Joan den urtea zalaparta handiz bukatu zen. Hwang Woo-suk ikertzaileari buruzko errezelo handiak zeuden, eta Seulgo Unibertsitateak hark egindako lanak aztertzea erabaki zuen. Epaia garbia izan da: Hwang Woo-sukek hainbat datu asmatu zituen, irudiak faltsutu zituen eta gezurra esan zuen, nahita. Ziria sartu zien bai lanak argitaratu zituen Science zientzia-aldizkariari bai gainerako zientzialariei.

Hwang Woo-sukek urteak zeramatzan lanean animalien klonazioan, baina 2004an Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek eman zion ospea. Hain zuzen ere, giza enbrioi bat klonatzea lortu zuela azaldu zuen, eta enbrioi hartatik abiatuta zelula amak hazi zituela ere bai.

Ordura arte inork ez zuen halakorik lortu; beraz, ez da harritzekoa sekulako oihartzuna izatea albisteak. Eztabaida ere eragin zuen, hainbatentzat ikerketa horretan muga etikoa gainditu baitzen. Baina beste askorentzat aurrerapauso galanta zen, orain arte sendaezinak diren gaitzentzat tratamendua lortzeko bidean.

2005ean, berriz, beste ikerketa bat argitaratu zuen Science-n. Ordukoan aldarrikatu zuen hamaika pazienterekin bateragarriak ziren zelula amak lortu zituela. Hilabete batzuk geroago, Nature zientzia-aldizkarian, txakurra klonatu zuela eman zuen jakitera. Hwang Woo-suk mundu osoan egin zen ezagun.

(Argazkia: Roslin Institutua)

Baina urtea bukatzear zela, Hwang Woo-sukek datuak faltsutu zituela adierazi zuten harekin lan egindako hiru ikertzailek. Sekulako zalaparta sortu zen, eta Seulgo Unibertsitateak ikerketa zabaldu zuen. Azkenean, erakundeak frogatu zuen Science-n argitaratutako ikerketetan iruzurra egin zuela. Aldiz, egia zen Nature-n azaldutakoa.

Kontu honek eztabaida bizia piztu du. Nola liteke ikertzaile batek ziria sartzea bai adituei bai zientzia-aldizkarien arduradunei? Areago hain gai labaina izanik. Elhuyar Zientzia eta Teknika-k horren gaineko artikulu bat argitaratuko du hurrengo zenbakian.

Berriak labur
9
1
217
2006
2
021
Etika