}

Zahartzaroan, kaloria-dieta

2001/09/05 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Edozer gauza berri egitean inoiz ez dela berandu esan ohi dugu. Eta dietak egiteko ere ez, nonbait.

Kaliforniako Unibertsitateko Stephen Spindler-en taldeak bere ikerketaren emaitzak argitaratu ditu. Zergatia jakin ez arren, 30eko hamarkadatik genekien kaloria gehiegi ez jatea osasunerako mesedegarria dela eta bizi ere luzaroago bizitzen dela. Teorietako bat oxigenoaren erradikal askeetan oinarritzen dena da: elikagaien, bereziki gantzen, digestioan oxigeno-erradikalak askatzen dira eta horiek, berez toxikoak izanik, kalteak eragiten dituzte geneetan; zenbat eta kaloria gehiago eta urte gehiago, orduan eta erradikalen eragin handiagoa.

Orain, ikerlariok ikusi dutenez, adinean aurrera joandako laborategi-saguen geneak aldatu egiten dira kaloria-dietan jarriz gero. Eta aldaketon ondorioz luzeago bizitzen dira gainera.

Saguei % 44 kaloria gutxiago emanda, adinari lotutako aldaketen erdia izaten dituztela behatu dute. Euren harridurarako, aste gutxiko dietak (saguak lau asteko dietan jarri dituzte) eta bizitzan zehar iraupen luzeko kaloria-urritasunak antzeko ondorioak dituzte. Hori bai, oraindik ez dakite azken orduko bat-bateko dietaren onurek zenbat irauten duten.

11.000 saguren gibeleko geneen jarduera aztertu dute. Aurrez, garun zein muskuluen zahartzearen datuak ere bildu zituzten. Adinarekin, estresaren eta hanturen geneen jarduera areagotu eta minbizia sor dezaketen zelulen aurkako jarduera murriztu egiten da. Denbora luzeko zein laburreko kaloria-murrizketak aldaketa horiek eta beste batzuk gutxitu egiten ditu.

Saguei eragindako kaloria-murrizketa 2.550 kaloria jan ohi dituen gizaki bati 1.115 kaloria ematearen parekoa izan da.

Ikerketa Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkariko irailaren 11ko zenbakian argitaratuko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia