}

X izpiko irudiak dosi txikiagoetan

2002/05/20 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

Gorputzaren barnealdearen irudiak lortzeko X izpiak izan ziren lehenengo, gero ordenagailuz lagundutako tomografia, ondoren erresonantzia magnetikoa eta orain, berriro ere, X izpiak. Baina teknika zeharo desberdina asmatu ei du Suitza, Korea eta Taiwan-eko fisikari-talde batek.

Ohiko X izpien bidezko erradiografietan ehunen 'itzalak' ikusten dira. Hau da, X izpiak igorri eta argazki-plaka berezi batek jasotzen ditu, baina erdian besoa jartzen badugu, beso horren ehunek eta hezurrek argia xurgatzen dutenez, eta ez denek era berean, forma desberdinak agertzen dira argazkian: hezurrak, muskuluak, etab.

Baina garatu berria den teknika argiaren errefrakzio-indizean oinarritzen da. Asmatzaileek
fase-kontrasteko erradiologia izena jarri diote. Argiak material baten kontra jotzen duenean, izpi batzuk islatu egiten dira eta beste batzuek materiala zeharkatu egiten dute. Azken horiek errefraktatutako izpiak direla esaten da eta, zeharkatutako materialaren arabera, eraso-izpiak gainazalarekin eratzen duen angelua desberdina da. Erlazioa errefrakzio-indizeak ematen du. Bada, angelu hori ezagutzerik badago, irudia era daiteke.

Teknika berri honen abantaila da dosi askoz ere txikiagotan egin daitekeela lan. Dirudienez, ohiko erradiografiek baino informazio askoz ere gehiagoa emango du. Hori dela eta, adibidez, tumoreak hasieratik antzemateko aukera emango omen du teknika berriak.

Haatik, izpi oso kolimatuak behar direnez, ezin izango dira orain arte ospitaleetan erabili izan diren X izpietarako makinak erabili.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia