Videotex sistemaren etorkizun hurbila
1988/12/01 Sagarna, Andoni - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer da Videotex Sistema
Zenbait datu-basetan kokatutako informazioa telefono bidez konektatutako terminaletatik kontsultatzea ahalbidetzen duen sistema informatikoa da.
Datu-baseko informazioa zerbitzari deritzon ekipo batek bidaltzen du telefono-sarera. Erabiltzaileak informazioa kontsultatu ezezik zerbitzariarekin elkarrizketa-moduan ere lan egin dezake.
Elkarrizketa honetan zenbait kasutan transakzioak ere burutu daitezke; erosketa-aginduak emateko esate baterako. Beste zenbait eragiketa burutzea ere posible izaten da, hala nola mezularitzaz, posta elektronikoaz edo softwarearen telekargaz baliatzea.
Erabiltzaileak 1.200 baud-eko abiaduraz jasotzen du informazioa eta 75 baud-etan igortzen. Zerbitzariak eskaintzen duen informazioa zuhaitz-forman eratutako orrialde-multzo baten tankerakoa izaten da. Erabiltzaileak zuhaitzaren adarrak korrituz edo orrialde jakinak eskatuz kontsultatzen du informazioa.
Norma desberdinak Europan
Videotex sistema Britainia Haundian sortu zen Prestel normarekin 1982an eta berehala izan zuen arrakasta, baina aurrerapenik handiena Frantzian egin du azken urteotan. Azken datuen arabera, 3.300.000 erabiltzailetik gora daude jadanik herrialde horretan.
Sistema hauek beren artean ez dira bateragarri. Norma bakar batera heltzeko egin diren ahaleginek ez dute emaitza osabeterik sortu. Gaur egun lortua den normalizazio-mailaren arabera diferentzia nabarmenak daude sistemen artean.
Alderdi batetik alemanek sortutako CEPT-1 norma dugu. Honako hauek dira bere ezaugarriak:
- terminalaren pantaila 40 edo 80 zutabetan eta 24 errenkadatan banatzen da.
- karaktere alfanumerikoak eta marrazkiak errepresenta daitezke koloreak erabiliz.
Norma honetan oinarritzen dira Alemaniako Errepublika Federaleko, Austriako, Norvegiako, Suitzako eta Espainiako sare publikoak.
Frantzian erabiltzen den normari CEPT-2 deritzo eta CEPT-1 delakoak baino mosaiko larriagoa (40x24) eta kolore gutxiago ditu. Sistema hau aipatzerakoan Antiope, Teletel eta Minitel izenak ere erabiltzen dira.
Prestel sistemak Britainia Haundian, Belgikan, Danimarkan, Holandan, Suedian eta Italian aurkitzen dira.
Espainian sare publikoak CEPT-1 norma hautatu badu ere, badira CEPT-2 normaz baliatzen ari diren erakunde pribatuak (Lankide Aurrezkia gure artean).
Espainiako Estatuan arazoa nola dagoen
Badirudi Espainiako Estatuan iluntasuna izan dela orain arte behintzat nagusi. Telefonikak agindua zuen 1982rako sare publikoa prestatua izango zuela, baina ez zuen bere promesa bete; ezta gutxiagorik ere.
1987ko uztailean definitu ditu azkenean bere erizpideak eta oraingoz sare publikoak behin-behineko funtzionamendua besterik ez du.
Espainiako Telefonikak Ibertex izeneko Videotex zerbitzu publikoa jarri du martxan. Zerbitzu honek CEPT-1 norma erabiltzen du. Honek, Ibertex-ek eskaintzen dituen zerbitzuez baliatu nahi duten zerbitzariek eta erabiltzaileek norma hori bete behar dutela esan nahi du. Ekipoen arteko bateragarritasuna bermatzeko, Telefonikak pasarazitako kalifikazio teknikoko probak gainditu izana eskatuko zaie, bai terminalei, bai zerbitzariei.
Telefonikak berak ere saltzen ditu terminalak, baina erabiltzaileak aukera ditzake beste batzuk, Telefonikak homologatutakoak izanez gero.
1. Irudiak erakusten du zerbitzariak eta erabiltzaileak Ibertex zerbitzuaren bidez nola konektatuko diren.
Zerbitzariak IBERPACekin konektatzen dira eta 2400, 4800 eta 9600 baud-eko abiaduraz lan egiten dute. IBERPAC Telefonikaren paketeak transmititzeko sarea da, Frantzian TRANSPAC denaren baliokidea. Zerbitzarien eta IBERPACen arteko konexioa X-25 sarearen bidez egiten da. Honek erabiltzaileak zerbitzua erabilera-denboraren arabera soilik ordaintzen duela esan nahi du eta ez denboraren eta distantziaren arabera.
Erabiltzaileak Telefonikari ordainduko dio zerbitzuaren kostua eta honek zerbitzariari ordainduko dio, informazioagatik ordaindu beharreko zerbitzua denean.
Erabiltzailea sare telefoniko konmutatuaren eta C.A.I. (Centros de Acceso Ibertex) delakoen bidez sartuko da sistemara.
Orain arte iluntasun handiak zeuden Espainian videotex sistemak izango zituen ezaugarriez. Bazirudien Telefonikak bere sistema muntatuko zuela eta beste inork ez zuela sistemak jartzeko eskubiderik izango. Hala ere, Telefonikaren moteltasunak luzetsita, batzuek ekin egin diote zerbitzuak eskaintzeari (Banco de Santander, Lankide Aurrezkia, etab.), normen aldetik nork bere aukera egin duelarik. Lankide Aurrezkiak CEPT-2 norma aukeratu zuen, esate baterako.
Momentu honetan gauzak argiago daudela dirudi: Telefonikak Ibertex sistema eskaintzen du eta honen abantailez baliatu nahi duenak (X-25 sarearen erabilera, erabiltzailearen fakturak bateratzearen, h.d. kiosko-sistema deritzonaz baliatzearen abantaila), bai zerbitzariaren aldetik, bai terminalaren aldetik, Telefonikak homologatutako ekipoak erabili behar ditu, Telefonikari erositakoak izan ala ez.
Spritel-ek antolatutako hitzaldietan zenbait hizlarik, honako planteamendu hau egin zuen:
"Videotex sistema Espainian hedatuko bada ezin zaizkie erabiltzaileei eragozpenak jarri, normak direla eta ez direla. Bateragarritasun-arazoak zerbitzari-mailan konpondu behar dira. Bestalde, hor daude Europako herrialde desberdinetako normen arteko diferentziak. Beraz bateragarritasun-arazoak konpondu beharra bestela ere azalduko da (eta eleaniztasun-arazoena ere berdin). Horren irtenbidea normen bihurketa-sistemetan aurkitu behar da."
Berez, hitzaldi hauetan zerbitzari-ekipamenduak aurkeztu dituzten etxe gehienek norma desberdinekin lan egiteko aukera azpimarraztu zuten.
Etxe askok videotex-terminal berezituak eskaintzen dituzte, eta hauetako batzuk multistandard-ak dira, baina garbi ikusten da videotex-aren erabiltzaile potentzialen artean multzo ugari eta interesgarri bat (Espainian 200.000tik gora) mikroordenadore pertsonalen jabeek osatzen dutela. Hauek videotex-a erabiltzeko ez dute beste terminal bat erosi beharrik. Aski dute modem egoki bat mikroordenadoreari jartzea eta komunikazio-software egokia erabiltzea. Dagoeneko horrelako produktuen eskaintza badago merkatu espainiarrean. Adibidez, Kortex etxearena eta Bilboko CEINSAk saltzen duen Vidicom-en Rafi izeneko modem-a.
Beste erabiltzaile batzuek, berriz, ASCII terminalak dituzte. Hauek ere balia daitezke videotex-az. Jakina, beren terminaletan ezin jaso ahal izango dituzte koloreak eta grafikoak, baina informazio profesionalean kasu askotan hori ez da hain inportantea izaten.
SPRITELen balio erantsiko sarea
SPRI sozietateak Komunitate Autonomoan telematikaren erabilera sustatzeko eta industria telematikoaren garapena indartzeko SPRITEL programa antolatu du. Helburu hauekin zenbait ekintza-mota martxan jartzeko asmoa du: erabiltzaileei denboraldi batean terminalak doan uztea, Kontsultategi bat jartzea, erakusketak eta mintegiak antolatzea, zerbitzariak muntatu nahi dituztenei dirulaguntzak eta kreditu erosoak eskaintzea, eta gauza guzti hauekin batera oso interesgarria izan daitekeen balio erantsiko sare bat eratzea.
SPRITEL sare honen bidez Gasteizen, Bilbon eta Donostian egongo diren sarrera-puntu (telefono-zenbaki) batzuetara deituz erabiltzaileak IBERPAC X-25 sarrera konektatu ahal izango dira eta horretaz gainera SPRITELek jarriko duen norma-bihurgailu bati esker beste norma batzuen arabera funtzionatzen duten bertako edo atzerriko sistemetara ere bai.
Abiaraztea zaila
Frantzian videotex-ak izan duen arrakastaren ondoan Espainia eta Hego Euskal Herria oso atzera daude, zalantzarik gabe. Egoera honen errudunik handienak Espainiar Administrazioa eta Telefonika dira, panorama argitzeko ezer gutxi egin dutelako. Alabaina, miresgarria izango omen den 1992. urte horrek eta aukerak galtzen ari ziren enpresek bultzatuta, gauzak argixeago daudela dirudi.
Beste arazo bat merkatua nola abiarazi da. Askotan aipatu izan da sorgin-gurpil bat dagoela hor: erabiltzailerik ez dagoenez ez dago zerbitzurik eta, jakina, zerbitzurik gabe ezin izan erabiltzailerik.
Hitzaldi batean hizlari batek esan zuen bezala, arazo hori ez da berria; beste hainbeste gertatzen zen telebistarekin ere eta kasu hartan badakigu nola hautsi zen zorgin-gurpila: TVE bere telebista-saioak ematen hasiz, noski.
Hau egia izan daiteke, baina norbaitek zera galdetuko du: ea aurreneko urteek sosik ere emango ez dutela jakinda ekimen pribatuko proiekturik sortuko den. Batzuk prest egon daitezke, zerbitzu-mota hau irudia lantzeko bidetzat hartuko dutelako, erabiltzaile-talde itxiekiko harremanak hobetzeko egokia izango delako, etab.
Horretaz gainera, erakunde publikoen laguntzek garrantzi handia izan dezakete.
Seguraski videotex-ak gure artean datozen urteetan hazkunde handia izango duela esatea ez da arriskatuegia izango hazkundea termino erlatibotara mugatzen baldin badugu behintzat.
EUSKALTERM Euskal Teminoloji bankua
EUSKALTERM Terminoloji Bankua, Lankide Aurrezkiaren egitura informatikoaren barnean integraturik aurkezten den terminologi kontsulta-zerbitzua da.
Honako arlo hauek kontsulta daitezke:
- Ekonomia
- Finantzak
- Administrazioa
- Enpresa
- Estatistika
- Zirkulazioa
- Matematika
- Fisika
- Kimika
- Biologia
- Medikuntza
- Teknologia
- Filosofia
- Psikologia
- Linguistika
- Zuzenbidea
- Artea
- Kirolak
Guztira 100.000 kontzeptu baino gehiago, ondorengo hizkuntza hauetan: Euskara, espainiera, frantsesa eta ingelesa.
UZEIk landutako terminoloji banku hau euskara gaur eguneko gaietan erabili behar duen edonorentzat baliozkoa da.
Konexioa bi modutara egin daiteke:
- Minitel-aren bidez, hau da, telefonoari konektatutako terminal txikiaren bidez.
- Mikroordenadorearen bidez, hau da, modem baten bidez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia