}

Venezia salbatzeko obrak

1988/02/01 Sagarna, Andoni - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsasoarekin ezkondutako hiri hau mundu osoan da ezaguna. Italiako iparraldean dagoen itsas porturik handiena den honek, Mediterraneo osoan 1000 urte baino gehiagotan bere botere politiko eta ekonomikoa sentierazi zuen.
R. Arrasate

Badira beste hiri batzuk ere irletan eraikiak edo kanalez zeharkatuak. Badira arte ugari dutenak edo botere ekonomiko handikoak, baina Venezia alde batera utzi beharra dago. Beste zerbait da.

Hiriaren kokapena guztiz bitxia da: ipar ekialdetik hego-mendebaldera hedatzen den eta 51 km-ko luzera duen laku baten erdialdean dago. Gainera laku hau Adriatiko itsasotik oso hurbil dago, lakua eta itsasoa irlaz eta penintsulaz osatutako lur-zerrenda estu batek banantzen dituelarik.

Hiriaren erdigune historikoa irlatxo eta zingira gainean eraikita dago, hiru kilometro luze eta kilometro t'erdi zabal hartzen dituelarik. Hiri modernoaren muga lakuaren 150 km-ko perimetroa da eta honen barnean hamar irla nagusi daude hirigune zaharra dagoenekoaz aparte. Lehorrean dauden Mestre eta Marghera herri industrialak ere, Veneziako udalerrikoak dira 1927az geroztik.

Veneziak bere antzinako irlatasuna apur bat galdua du 1846an eraikitako 3 km inguruko trenbideak eta 1932an eraikitako errepideak lehorrerako komunikazioa bideratzen dutenetik.

R. Arrasate

Kokapen honek idazle, pintore eta zinegileen inspirazioa bazkatzeko eta turistak erakartzeko abantailak dituen arren, bertan bizi direnei larrialdi ugari ekarri die.

Behin baino gehiagotan Adriatikoak, haserre jarri eta Venezia itsasotik bereizten duten dikeak gainditu izan ditu, edota eurite handiren batek uholdeak ekarri. San Markos-en plaza gelditu izan da metro bateko uren azpian, lau mila etxebizitza hondatuta eta galera ekonomiko izugarriak utziz.

Horretaz aparte, irlak hondoratzen ari dira aspalditik, baina orain iragandako mendeetan baino askoz lasterrago.

Veneziako hiriak ingurunearen erasoaldietatik babesteko duen beharrari erantzuteko, 120 mila milioi pezeta kostako diren eta hamabi urtetik gora iraungo duten lanak eskatuko dituen proiektu bat abiarazi zuten duela urtebete.

Lanok ez dira nolanahikoak: kilometroka ezponda konpondu, kanalak dragatu, beste batzuei eusten dieten hormak berritu, lakuaren urek uholdetan hartzen duten lur-azalera handitu, dikeak indartu eta zenbait irla altxatu.

Veneziak duen beste arazo larri bat ere konpondu nahi litzateke proiektu honetan; airearen poluzioarena, alegia. Etxebizitzetako eta industriako keek daramaten anhidrido sulfurosoak sortzen duen azido sulfurikoak eta marearteko zonetako landareen usteldura naturalaren ondoriozko poluzioak monumentuetako harriak jaten ari dira.

Nolanahi ere, proiektu honetako lanik behinena Adriatiko itsasoa eta lakua elkartzen dituzten hiru bokaleak zeharkatzeko presa erraldoi batzuen eraikuntza da.

Proiektuaren ausardia ez datza ordea, presa hauen tamainan soilik. Presen izaera ere guztiz berezia izango da. Ez litzateke hiri eder honetako paisaia hondatu nahi hormatzar batzuk eraikiz. Horregatik urpeko presa berezi batzuk egitea proposatzen da. Hogei metro luze eta 5 metro diametroko ontzi metaliko batzuk egingo lirateke eta bata bestearen ondoan jarriko errenkadan.

Ontzi hauek urpean egongo lirateke etzanda, urez beterik, hormigoizko oinarri batzuetan sartuta. Ohizkanpoko marea bat datorrenean airea sartuz ura aterako litzaieke goialdeko muturra urgainera pixka bat irten dadin eta lakua itsasotik isola dezaten.

Lakuaren hondoan etzanda leudekeen zilindro hauei (a) aire konprimatua sartuz, barneko ura aterako litzaieke (b) eta Arkimedesen printzipioaz baliatuz zutik jarriko lirateke bokaleak ixteko (c).

Printzipioa erraz ulertzen da, baina praktikan konplikazio handiak izango ditu korrosioari itzurtzeko, maniobrak egiteko, instalazioak kontserbatzeko, etab.

Proiektuaren barneko lan batzuk hasiak diren arren, presen eraikuntza hau ez dago oraindik erabakita ere. Gauzak ondo aztertu nahi dira eta jakin ea itsasuntzien joan-etorriek ez duten oztoporik aurkituko edo lakuaren poluzioarekin zer geratatuko den. Aldeko erabakia aurrera irteten bada, 1998an ekingo zaio itsaspeko presa horien eraikuntzari.

Historian zehar Veneziarrek lakuari ura lapurtu diotelako, zolua hondoratzen ari delako eta itsasoaren maila bera ere gorantz doalako, gaur egun 320 milioi m3 ur sartzen dira marea bakoitzean lakura; orain dela mende bat sartzen zenaren bikoitza.

Nahikoa da hegohaize gogor samarrak jotzea itsasoko ura lakura sar dadin.

Lakua eta itsasoa zeharo isolatzea ameskeria hutsa da, bai hiriaren bizitza ekonomikoa galerazterik ez dagoelako eta baita lakua pozoin-putzu bilakatuko litzatekeelako ere. Gaur bertan ere nahikoa gertatzen da hori, zeren poeten inspirazio-iturri diren kanalek, paradoxaz, industrialdeetako milaka tona honakin toxiko garraitu bait dituzte.

R. Arrasate

Lanei ekin baino lehen lakuaren maketa bat egin da Padova-tik hurbil dauden Voltabarozzo-ko laborategietan, kanaletan zehar eta irlatxoen inguruan iragaten diren ur-korronteen parametro asko 1:250 eskalan aztertzeko. Lido-ko bokalearen itxiturak korronteetan izango duen eragina ikertzeko 15000 m 2 -ko beste maketa bat egin da. Itsasazpiko presak osatuko dituzten ontziak ere ari dira entseiatzen erresistentziaren aldetik eta dardarekiko izango duten portaeraren aldetik.

Itsasaldetik dike luzeak egin beharko dituzte uhinen energia gutxienez %35 txikiagotzeko, presak gehiegi higa ez daitezen.

Proiektuaren arazorik larrienak ez dira ordea nahitanahiez teknikoak izango. Veneziarren oneritzia eta adostasuna lortzeak, ingurunea errespetatzeak, turismoa uxatu gabe lan handi hauek egiteak etab. beste hainbat oztopo gainditu beharra ekarriko dute.


Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia