}

Uraren mundu eguna

2001/03/22 Elhuyar Zientzia

Uraren mundu eguna den honetan Osasunaren Mundu Erakundeak (OME-ak) herrialde askotan ur-eskasiak sortzen dituen arazoei buruz gogoeta egitea proposatzen du. Ura eta osasuna zuzenean lotuta daude eta ur egokiaren eta seguruaren beharra handitzen ari dela ohartaraztea garrantzitsua da, bai gizakiak bai planeta babesteko.

OME-ak neurri zehatzak hartu behar direla jakin arazten du argitaratu berri duen txostenean. Urtean bi milioi pertsonatik gora, gehienak umeak, hiltzen dira ur kutsatuek eragindako beherakoengatik, beste milioi bat ur zikinetan hazten den anofele eltxoak transmititutako malariak jota hiltzen da, eta, Txinan, 30 milioik fluorosi kronikoa dute eta 1,5 milioik A hepatitisa dute. Ur-kalitatea eta garbitasuna hobetuz, urarekin erlazioa duten gaixotasun horiek eta beste batzuk nabarmen eragozten dira. Malaria, eskistosomiasia eta bektoreen bidezko gaitzak ur-baliabideen planifikazio eta kudeaketa egokiaren bidez kontrola daitezke.

Bestalde, gaixotasunak saihesteak txirotasuna arintzen du. Ur-eskasia edo higiene-egoera desegokia pairatzen duten herrialdeak munduko txiroenak dira. Herrialde horiek ur garbi eta segurua izan dezaten bitartekoak sortzea izango litzateke beraiei laguntzeko lehenengo pausoa, gutxieneko osasun-maila lortutakoan garapen-bidean jarri ahal izateko.

Izan ere, ur segurua, garbitasuna eta higiene-heziketa osasuna babesten duten oinarrizko giza eskubideak dira. Horiek betetzen badira, ongizate-zentzua igotzen da gizartean eta ekonomiaren eta gizartearen emankortasunak gora egiten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia