Ura nola izozten den jakin dute

2002/04/02 Elhuyar Zientzia

Sei urte behar izan ditu japoniar ikertzaile-talde batek uraren izozte-prozesuaren lehen ordenagailu simulazioa sortzeko.

Uraren izozte-prozesua oso konplexua da, ur-molekulek inguruko molekulekin mila elkarrekintza ezberdin egiteko joera baitaukate. Japoniarrek molekulen arteko indarrekiko orientazio erlatiboak neurtu zituzten 512 ur-molekulatan. Neurketak egin eta luze itxaron ostean, molekula batzuen izoztea behatu ahal izan zuten. Ikusi zuten ur molekulen arteko hidrogeno-lotura luzeak sortzea ezinbesteko lehen pausoa zela. Lotura horiek ohikoak baino askoz luzeagoak omen ziren. Gero, nukleo horren forma aldatu ahala, inguruan beste molekulekin lotura gehiago eratu ziren eta likidoa izotz bilakatzen hasi zen.

Ondorioz, ura izozten hasteko kasualitatez sortu behar da egitura berezi hori. Bestela, ur-molekulak aske mugitzen dira likido-egoeran, horrelako konformaziorik eratu gabe. Joera horrek azalduko luke zergatik askotan ura bere izozte-puntua baino hotzago egon arren ez den izozten.