Unibertsoa eta kristal likidoa
1994/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Unibertsoaren sorreran, Big Bang izeneko eztanda nagusia gertatu eta segundo-zatiki bat igarota, Unibertsoaren enbrioia homogenoa zen eta funtsezko elkarrekintzak (indar nuklear ahula, bortitza, elektromagnetikoa eta grabitatorioa) bereizi gabe zeuden. Gero elkarrekintzak bereizi eta espazio/denbora osatu zen.
1976. urtean Thomas Kibble fisikari britainiarrak prozesu hori hazten eta gero elkartzen diren burbuilen antzekoa zela kontsideratu zuen. Gutxienez hiru burbuila bilduta, “akats kosmikoak” sor daitezke eta horiek egon daitezke galaxien sorreran.
Estatu Batuetan Syracusa-ko unibertsitateko fisikari-talde batek antzeko prozesua topatu du kristal likido baten hozketan. Molekulak nahasita dituen egoeratik 35,3 °C inguruan egoera ordenatura pasatzen direnean, kristal likidoan burbuilak sortu, hazi eta elkartu egiten dira.
Kibbleren teoria kristal likido hauei aplikatuz, prozesu horretan burbuilako 0,6 berezitasun azalduko zirela kalkulatu zen eta iragarpena bete egin da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia