}

Uhinak bihurritu eta banda zabaldu

2012/03/23 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

uhinak-bihurritu-eta-banda-zabaldu

Irrati-frekuentziako uhinak bihurrituta banda-zabalera handitu daiteke telekomunikazioetan. Horren zailtasuna uhinen emisioan eta hartzean datza, uhinak igorri ahala biratu behar direlako; eta biratze horri antzemateko, antena-sistema bat behar da. Suediako eta Italiako fisikari batzuek lortu dute efektu hori zazpi metroko distantziara zeuden bi punturen artean.

Ikerketa honek baditu aurrekari batzuk. Alde batetik, argi bihurritua duela 20 urte erabili dute fisikariek nanoteknologian; objektu ñimiñoak argi horrekin manipulatzen dira. Bestetik, ikerketa honetako fisikariek berek lortu dute irrati-frekuentzia biratuak detektatzea. Astronomoak dira, Uppsalako Espazioaren Fisikaren Institutukoak eta Paduako Unibertsitatekoak, eta iaz argitaratu zuten metodo bat zulo beltzek irrati-uhinetan eragiten duten biratzea detektatzeko. Urrutiko izarrek sortutako erradiazioa zulo beltz baten ondotik pasatzean bihurritu egiten da, eta deformazio hori modu zehatzean detektatzeak informazio asko ematen du zulo beltzari buruz.

Oraingo ikerketan, taldeak proposatu du biratze hori baliatzea telekomunikazioaren esparruan; biratze horretan, informazio gehigarria sar daiteke emisioan —kanal berriak edo banda-zabalera handiagoa, alegia—. Kalkuluen arabera, bederatzi aldiz handi daiteke uhin horietan kodetutako informazioa. Hala ere, ikertzaileek berek esan dute gutxiago izango dela, kondizio errealetan, atmosferaren turbulentziek ere eragiten dutelako irrati-uhinen fasean eta anplitudean. Horrez gain, zailtasun praktikoak daude gaur egungo antena-sistemak eta gailu elektronikoak uhin bihurrituetara egokitzeko. Nolanahi ere, taldeak uste du telefono mugikorrek, esate baterako, bost urteko epean erabili ahal izango dutela teknologia hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia