}

Ugaztun-zelulek egindako amarauna

2002/01/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Armiarmek ekoizten duten haria Kevlarra baino hauskaitzagoa eta nylona baino elastikoagoa da. Haria egiteko, armiarmek uretan disolbagarriak diren proteinak ekoizten dituzte; gero zulo txiki batetik pasarazten dituzte, eta, horrela, amarauna osatzen duen haria iruten da.

Azken 100 urteetan ezaugarri berezi horiek dituen materiala lortzeko saiakerak egin badituzte ere, ez zuten emaitza onik izaten. Batzuek zetarrentzat egiten diren haztegien modukoak egitea proposatzen zuten, baina zeta ekoizten duten harrak ez bezala, armiarmak haragijaleak dira, eta ezin dira talde handitan hazi. Irtenbidea aurkitu nahirik, ikertzaile batzuei, ingeniaritza genetikoaren bidez, armiarmaren prozesua kopiatzea bururatu zitzaien. Horrela, amaraunaren proteinak kodetzen dituzten geneak beste bizidun batzuen ADNan sartzen saiatu ziren, haria ekoizteko gai izan zitezen. Bakterioekin, legamiekin eta landareekin probatu ondoren, saiakerak bertan behera utzi zituzten, emaitzak ez baitziren nahi bezain onak izan.

Orain, Science aldizkarian, Kanadako Nexia bioteknologiako laborategietan egin duten esperimentuaren berri eman da. Han, ugaztunen zeluletara transferitu dituzte haria ekoizteko gaitasuna ematen duten geneak, eta badirudi bilatzen zutena lortu dutela; batetik, hariak amaraunarenak dituen ezaugarri berak dituelako, eta, bestetik, kantitate handia erraz lor daitekeela uste dutelako.

Hori lortzeko, Nexiako biologoek bi zelula-motaren ADNarekin birkonbinatu zituzten gene horiek: behien ugatz-zelulen ADNarekin, proteinak zelulatik kanpora jariatzen hobezinak direlako; eta hamsterren giltzurrun-zelulen ADNarekin, birkonbinatutako proteina-kantitate handia ekoizteko gai direlako. Bi zelula-motek erraz biltzeko moduko proteinak jariatu zituzten zelulatik kanpo. Ondoren, proteina horiekin haria iruteko, ur disoluziotik atera eta metanolean injektatu zituzten. Bertan, proteinak zuntz-moduan antolatzen dira. Zuntz berri hori armiarmarena bezain malgua ez bada ere, armiarmek erabiltzen dituzten bi proteinetatik bakarra erabili zutelako izan zela uste dute ikertzaileek. Nolanahi ere, aurrerapauso garrantzitsua dela diote.

Hari horri esker, tendoi eta lokailu artifizialak egin ahal izango direla uste dute. Bestalde, AEBetako armadak ere interes handia du; izan ere, Koreako gerratik gaurdaino, armadura erresistenteak eta arinak egiteko antzeko zuntz bat lortu nahian ibili da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia