}

Ugaltzeko gai diren lehen biobotak sortu dituzte

2021/12/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ugaltzeko-gai-diren-lehen-biobotak-sortu-dituzte
Biobot "aita" gorriz, eta haren kumea berdez. Arg. Sam Kriegman eta Douglas Blackiston

Duela urtebete, bi ikertzaile estatubatuarrek robot biologikoak edo biobotak aurkeztu zituzten. Igel baten zeluletatik abiatuta, eta algoritmo ebolutibo bat erabilita, milimetro bateko egitura biologikoak sortu zituzten, funtzio jakin batzuk egiteko gai zirenak: zehaztutako helmuga batera joatea, pisua altxatzea edo ebaki bat ixtea.

Orain, pauso bat gehiago eman dute, eta biobotek beren burua erreplikatzea lortu dute. Erreplikatzeko edo ugaltzeko duten modua ez da animaliena edo landareena bezalakoa: Petri plaka batean mugitzen dira, banakako zelulak topatzen dituzte, eta, haiek elkartuta, beste biobot bat sortzen dute.

Funtzio hori izan dezaten, biobotek itxura berezi bat izan behar dutela ikusi dute: Pac-Man jokoaren ikurrarena bezalakoa, hain zuzen. Izan ere, bestelako itxura zutenen ugaltzeko gaitasuna berehala agortzen zen. Adimen artifizialaren bitartez, itxura desberdinetako biobotek ahalmena probatu dute, eta horrela aurkitu dute diseinu egokia. “Gurasoak” Pac-Man itxura du, eta sortzen dituen “ondorengoek”, esferikoa. Bost egun geroago, ondorengo horiek gurasoaren jokabidea bereganatzen dute [Ikusi bideoa].

PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, ikertzaileen esanean, lana baliagarria izan daiteke medikuntza birsortzailean erabiltzeko garapenak sortzeko. Izan ere, lesio traumatikoak, jaiotzetiko akatsak edo minbizia tratatzeko erabilgarria izango lirateke, zelula-multzoei nola jokatu agitzeko gai izanez gero.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia