}

Tximista urdina

1997/01/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Martin arrantzalea

“Txiiiiiit”!! garraisi ozena entzun eta itzal urdin bat ibaian gora pasatzen somatzea dena bat izan da. Hala ere bihurgunean galdu dugun arte, hegakera arras azkarrez, urazaletik oso gertu eta zuzen-zuzen zihoan txori bitxi bat zela ikusi ahal izan dugu. Aurreraxeago, sahats-adar batean geratuta aurkitu dugu berriro eta zenbait minutuz, geldi-geldirik uretara begira egon da. Dena dela, prismatikoak eskuartean hartuta bere janzkera bikainari begira geundelarik denbora hagitz motza egin zaigu. Bat-batean, tximista bezala buruz behera uretara jauzi da eta harri eta zur utzi gaitu arraintxo bat mokoan helduta atera denean.

Martin arrantzalea hezeguneetako hegazti nahastezina da. Kolore bizi eta deigarriz jantzirik dago eta moko ikaragarria du.
J.R. Aihartza

Tropiko aldean kolore bizi eta deigarridun txoriak ugari eta berezkoak diren bezala, latitudeotan eskasak dira. Martin arrantzalea ( Alcedo atthis ) lumaje liluragarria duen gutxi hauetarikoa dugu eta noski, familia tropikal bateko kidea dugu. Hegazti bitxi hau Alcedinidae familian sailkaturik dago eta Europan ordezkari bakarra den arren, munduan zehar, eta Afrikan batik bat, 90 espezie inguru sailkatu dira talde honen barruan. 16 cm inguruko luzera, eta 30-44 gramoko pisua duen txori dotorea dugu. Nahastezina da: itxura potxoloa du, lepo motza, buru handia, eta ezohizko tamainako mokotzar beltza. Hauxe du hain zuzen ere, arraintxoak harrapatzeko erabiltzen duen sastagai paregabea. Hegalak, buztana eta hankak halaber, motzak dira, eta azken hauetan, hatzak aurrera eta atzera binaka elkartuta ditu.

Kolorazioari dagokionean, ikaragarria dela esan behar: dirdira zoragarrizko lumaje urdin berdeska alde dortsalean, azpikalde arre-gorriztak, lerro zuriz apaindutako buru urdina, hanka gorri-gorriak... hitz bakarrean esatekotan, paregabea. Egindako deskribapenak, arra zein emearentzat balio du eta gazteak ere, nahiz eta moko motzagoa eta kontraste txikiagoko lumajea duten, antzekoak dira.

Beste hainbat ezpezie bezala, “tximista urdina” hezeguneei erabat loturik agertzen da. Izu samarra izaki, arriskua somatu orduko ibaian gora edo behera egiten du, baina uretatik aldendu gabe. Ur garbi eta lasai samarreko ibaiak atsegin ditu gehien, eta gutxixeago aintzira, urmahel eta putzuak. Egiten duen arrantza-motarako ur lasai samarrak komeni zaizkionez, ibaien goiko arroan baino, erdi eta behe ibilguetan gehiago agertu ohi da. Bestalde eta zelatan ehizakiak ongi ikusi ahal izateko ur gardena bilatzen du. Izan ere ur zikinetan, urazalean ehizakiren bat somatuta ere azpian dagoena ikusterik ez duenez, hondoaren aurka sekulako kolpeak hartzeko arriskua izaten du.

Izenak hain ederki adierazten duen bezala, gure Martinen lanbidea arrantza da, iharduera honetan abilezia handia erakusten duelarik. Adar edo lezka batetik patxada ederrean edota hegoak ziztu bizian astinduz airean geldirik, urari so egoten da arraintxo txikiak atzeman nahian. Eta ehizakia ikusi duelarik, gezia bezala kolpez murgilduz mokoratzen ditu arraintxoak. Bere dietaren oinarria edozein espezietako 5-10 cm bitarteko arraintxoak dira eta, hauez gain, uretako intsektuak, moluskuak eta zapaburuak ere jaten ditu.

Hegazti bikain hau aparteko arrantzalea dugu. Adar batean geldirik arraintxoen zain egoten da, buruz behera uretara jauzi eta mokoaz harrapatzeko.
M.M. Elosegi

Arrantzale ezaguna denez, eta arazoaren gakoa gizakion ekintza traketsetan dagoela jakinda ere, zenbait lekutan jendeak amuarrain eskasiaren errua leporatu izan dio. Arrain-haztegi batzutan ere txori honen beldur izaten dira, aparteko janleku hauek bisitatzen ikas dezakeelako eta alebin batzuk jateagatik kalterik ia egiten ez badu ere, arrainak ikaratu eta estresarazi egin ditzakeelako. Hori dela eta, zenbait lekutan arrain-haztegiak sarez estaltzen dituzte.

Normalean bakarti samarrak izan arren, apirila aldera bikoteka elkartu eta habiaren prestaketari ekiten diote. Habia ibaiertzeko lurrezko ezpondetan eraikitzen dute eta inguruak baldintza hau eskaintzen ez badu, ez dira bertan egokitzen. Arrak eta emeak zenbait egunetako elkarlanean, 40 eta 100 cm bitarteko tunela irekitzen dute. Lurra zulatzeko mokoaz baliatzen dira eta gero hankekin atzerantz ateratzen dute. Zuloaren barrukaldea, 15-20 cm-ko diametroko zabalunean bukatzen da eta, habirik egiten ez duten arren, denborarekin arrain hezur, ezkata eta bestelako hondakinak pilatzen joaten dira bertan.

Emeak jarritako 6-7 arrautzak, biribilantzak, zuri-zuriak eta 23x19 mm-koak dira. 20 egun inguruz txitatu ondoren, kumeak jaiotzen dira eta habian hiruzpalau aste egiten dituzte lumajea osatu eta sorlekua utzi arte. Normalean, urtean bigarren txitaldi bat aterako dute eta batzuetan hirugarrena ere bai. Espezie honen ugalketa-tasa beraz, altua da, baina negu hotzek espezie honen populazioetan hilkortasun handia eragiten dutela dirudi.

Txori eder hau urri dago inguruotan (duela 14 urte Nafarroan 200-500 bikote zeudela kalkulatu zen eta Araban, 40 bikotetik behera zeuden 1996an). Habitataren galeraren ondorioz gainera, zihurrenik atzera egingo du. (M.M. Elosegi)

Martin arrantzalea hedapen zabaleko espeziea dugu. Europan, Suediako hegoaldetik Mediterranio artean bizi da eta Euskal Herriko banaketa-mapan berriz, lurralde osoan ager daitekeela jarri dugu. Egiazki hala da, 1.000 metrotik itsas maila bitartean aurki baikenezake baina azken urteotan atzerakada nabarmena pairatu duela dirudi. Tamalez, oraindik ere atlantiar isurialdeko ibai asko kutsatuta daude eta garbi samar daudenak, kasu gehienetan, goi-ibilguak dira.

Mendiko erreka hauek ordea, korronte bizikoak izateaz gain habia egin ahal izateko lurrezko ezponda gutxi dutenez, ez dira habitat egokienak gure Martinentzat. Mediterranioar isurialdeari dagokionez ere eskas ageri zaigula esan behar. Zihurrenik, azken urteotako kanalizazio, ibai-bideratze, kutsadura edota landaretza-mozketak kaltegarri gertatu zaizkio oso, eta gainera babesturik dagoen arren bada oraindik ere altxor hau hiltzen duenik.

Esan bezala, negua animalia honen etsai gogorra da. Europako iparraldean, ibaiak izozten direnean arrantza egiterik ez du izaten eta beraz, hegoalderantz migratzera beharturik egoten da. Hori da hain zuzen ere uztailetik aurrera, Europako erdi eta hegoaldeko Martin arrantzaleei iparraldekoak elkartzearen arrazoia eta, edozein hezegune, ibai edota kostaldetan ere ikus ditzakegunez, hegazti hau benetan dena baino ugariagoa dela iruditzen zaigu. Zoritxarrez eta esan bezala ordea, arraro samarra da.

Espeziea: Alcedo atthis
Familia: altzedinidoak
Ordena: koraziformeak
Klasea: hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia