}
Itziar Garate Lopez Astrofisikaria

“Txikitan, astronomiak ez ninduen bereziki erakartzen. Baina asmatu dut”

2016/10/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

txikitan-astronomiak-ez-ninduen-bereziki-erakartze
Arg. Itziar Garate

Itziar Garate Lopez Parisen dago, Meteorologia Dinamikoaren laborategian, doktoretza-ondoko ikerketa egiten. Parisen egotea amets baten modukoa ote den galdetuta, aitortu du ezetz, berez, doktoretza amaitu ondoren, nahiago zuela Euskal Herrian gelditu: “Orain oso pozik nago, eta ez nuen uste hala izango zenik, lehenago bi urtez kanpoan izana bainintzen (Kanarietan) eta orain nahiago bainuen etxean geratu. Baina hona etortzea eskaini zidaten. Eta proiektua hainbeste gustatu zitzaidan eta orain nire tutore denak ere hainbeste animatu ninduen, azkenean etorri egin nintzen, eta orain benetan gustura nago”.

Hain zuzen ere, tesian egindako ikerketaren osagarria da, guztiz, orain egiten ari dena. Tesian, Artizarraren poloan dagoen zurrunbilo bat aztertu zuen, Venus Express espazio-ontziaren Virtis espektrometroak hartutako datuetan oinarrituta. “Hortik zurrunbiloaren hainbat ezaugarri ezagutu nituen, baina ez zen nahikoa ondo ulertzeko. Orain, zurrunbilo hori bera aztertzeko aukera izango dut, beste modu batera: ordenagailu bidezko simulazioen bitartez, hain juxtu”.

Ikerketa-gai berarekin jarraitzen du, beraz, baina beste tresna bat erabiliko du gaia aztertzeko. Hala, Parisen emango dituen lehen hilabeteak metodologia horretaz jabetzen emango ditu.

Metodologia ez ezik, ikerketa bizitzeko modua ere aldatu zaio. Hala ere, dena lotuta dagoela ohartarazi du Garatek. “Azken finean, simulazioan ateratakoa behaketa errealekin alderatzen dut”. Horrek egiten du proiektua hain erakargarri Garaterentzat. Lekuak ere garrantzia handia du: “Laborategi honek Artizarraren atmosfera osoaren oso eredu ona du; horregatik etorri naiz hona. Kontua da juxtu poloan eredua ez dela hain egokia, eta nire zurrunbiloa hortxe dago. Beraz, nire lehen egitekoa eredua hobetzea da, poloan hobeto funtziona dezan”.

Hobetze horretan, laborategiko kideekin batera ari da lanean. Lanerako inolako arazorik ez duela esan du Garatek; jendeak abegikor hartu omen du, eta, laneko hizkuntza ingelesa denez, ondo moldatzen omen da. Harreman informaletan, ordea, frantsesez aritzen omen dira, “azkar”, eta gehiago kostatzen zaio elkarrizketak jarraitzea, baina “denbora-kontua” izango dela uste du.

Aurreikusi gabeko bidea

Bere ikerketari buruz zein grinatsu hitz egiten duen kontuan hartuta, inork pentsa lezake txikitatik nahi zuela astronomo izan. Ez da hala, ordea: “Txikitan astronomiak ez ninduen bereziki erakartzen. Baina erraztasuna nuen matematikan eta halakoetan, eta garbi nuen zientziak ikasi nahi nituela. Gero, fisika aukeratu nuen iruditzen zitzaidalako etorkizunean hor izango nituela aukera gehien, eta gustuko nuelako, noski. Fisika ikasten ari nintzela, berriz, astrofisika ikasi nahi zuela garbi zuen lagun-min bat egin nuen, eta hark kutsatu zidan pixka bat. Astronomia-hitzaldietara joaten hasi nintzen, Agustin Sanchez Lavega astrofisikariaren berri izan nuen, harekin harremanetan jarri, eta hark bultzatuta sartu nintzen honetan”.

Azkenean, hark zuzentzen duen Zientzia Planetarioen taldean bukatu zuen tesia egiten, eta mundu horretan gero eta gusturago dagoela onartzen du: “Asmatu nuen, bai”.

Itziar Garate Lopez

Itziar Garate Lopez 1986an jaioa da, Zarautzen. Leioan hasi zituen Fisikako ikasketak, baina astrofisikan espezializatzeko Tenerifera joan zen. Hala, La Lagunako Unibertsitatean lizentziatu zen. Ondoren doktoretza egin zuen, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, Zientzia Planetarioen Taldean. Tartean, hiru hilabete igaro zituen Holandan, ESAren ESTEC zentroan. Doktoretza-ondokoa hasi aurretik, ingeniaritza eskolan klaseak ematen aritu da. Orain, Parisko Meteorologia Dinamikoaren laborategian, doktoretza-ondoko ikerketa egiten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia