
Bakteriofagoak bakterioak infektatzen dituzten birusak dira; gizakiari, aldiz, ez diote inolako kalterik egiten. Ikertzaileek B hepatitisaren geneak sartu dituzte bakteriofagoetan; horiekin saguak txertatu eta sortzen duten erantzun immunea neurtu dute. Gero, DNA-zatiekin lortzen den erantzunarekin alderatu dute. Bakteriofagoak askoz ere eraginkorragoak direla ikusi dute: erantzun bera lortzeko, bakteriofagoen kopurua DNA-zatien kopurua baino ehun aldiz txikiagoa izanda nahikoa da.
Txertoak egiteko bakteriofagoak erabiltzeak baditu beste onura batzuk ere. Batetik, bakteriofagoetan sartutako DNA-zatiak babestuta daudenez, DNA-zati soilek baino denbora gehiago irauten dute eta errazago gordetzen dira. Bestetik, bakteriofagoak oso azkar ugaritzen dira, eta horrek asko merkatzen du ekoizpena.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia