Txatbotei galdetuz eskuratzen den osasun-informazioaren erdia okerra edo osatugabea da. Hori da BMJ Open aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten ondorio nagusia. Ikertzaileek ohartarazi dute arrisku handia dagoela desinformazioa areagotzeko, tresna horiek kontrol eta heziketa egokirik gabe erabiltzen jarraituz gero.
«ChatGPT, Grok, Gemini, DeepSeek eta Meta AI tresnek erantzun akastunak ematen dituzte osasun-gaietan»
Bost txatbotekin egin dute azterketa: Gemini, DeepSeek, Meta AI, ChatGPT eta Grok. Bakoitzari 250 galdera egin zizkioten, bost kategoria hauetakoak: minbizia, txertoak, zelula amak, elikadura eta errendimendu fisikoa. Galdera batzuk itxiak ziren — erantzun zehatz bat eskatzen zen — eta beste batzuk irekiak. Ondoren, erantzun horiek “ez -problematikoak”, “problematiko samarrak” edo “oso problematikoak” ziren aztertu zuten, non problematiko jotzen zen erabiltzaile arruntek erantzun horiek jarraituz gero tratamendu ez-eraginkorrak aukeratzeko edo are kalteak jasateko arriskua zegoenean.
Bada, ikusi zuten txatbotek emandako erantzunen % 30 problematiko samarrak zirela, eta % 20 oso problematikoak. Txatboten artean ez zen alde handirik ikusi, baina Grok izan zen erantzun problematiko gehien sortu zituena; Geminik, aldiz, emaitzarik onenak lortu zituen. Arloei dagokienez, txertoei eta minbiziari buruzko erantzunak izan ziren fidagarrienak; nutrizioan, kirol-errendimenduan eta zelula amen inguruan, berriz, hutsune gehien antzeman zituzten.
«Gogorarazi dute txatbotek ez dutela arrazoitzen eta ez dituztela ebidentziak aintzat hartzen.»
Gainera, ikertzaileek azpimarratu dute kezkagarria dela txatbotek erantzunak nola aurkezten dituzten: segurtasun eta ziurtasun osoz, ohartarazpen edo salbuespen gutxirekin. Gogorarazi dute txatbotek ez dutela arrazoitzen eta ez dituztela ebidentziak aintzat hartzen. Entrenamendurako erabiltzen diren datu-iturriek foroak eta sare sozialak barne hartzen dituzte, eta ikerketa zientifikoa, askotan, sarbide irekiko argitalpenetara mugatzen da (argitaratutako ikerketen %30-50 inguru).
Ondorioz, adituek dei egin dute neurriak hartzera: herritarren heziketa eta araudi egokia beharrezkoak direla uste dute, adimen artifizialak osasun publikoaren alde egin dezan, kaltetu beharrean.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



