}

Tukanek mokoa erabiltzen dute freskatzeko

2009/07/30 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Tukanen moko luze eta koloretsuak erradiadore gisa jokatzen duela, eta animaliak gorputzeko beroa galtzeko, alegia, freskatzeko erabiltzen duela ikusi du Kanadako Brock Unibertsitateko ikertzaile-talde batek.

Toco tukanen mokoak animalia horien gorputzaren luzeraren heren bat hartzen du, eta ornitologoek urteetan dihardute haren funtzioa aztertzen. Kanadako ikertzaile-taldeak kamera termosentikorrekin tukanei argazkiak atera dizkie, ingurune-tenperatura ezberdinetan, eta ikusi dute mokoaren gainazaleko tenperatura berehala aldatzen dela ingurunearen tenperaturaren arabera. Halaber, mokoak odol-hodi asko dituela egiaztatu dute, eta mokoaren gainazalera iristen den odol-fluxua aldatuz Toco tukanak gai direla gorputzeko beroa erregulatzeko: beroari eusteko hotz egiten duenean edo freskatzeko bero egiten duenean. Esaterako, ikusi dute gai direla ilunabarrean, lotara doazenean, gorputzeko tenperatura minutu gutxian 10 gradu zentigradu hozteko, beroa irradiatuz.

Irudian kamera termosentikorrekin ateratako argazki bat ikus daiteke: gune epelak horiz, eta hotzagoak, berriz, morez margotuta daude.

Irudia: Glenn Tattersall

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia