Elhuyar zientziaren komunikazioa

TOMAS ALVA EDISON

1995/06/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Asmatzaile estatubatuar hau, Milan-en (Ohio-n) munduratu zen 1847. urteko otsailaren 11n. Bere familian ez zen diru askorik eta gaztetandik lanean hasi behar izan zuen. Zientzi liburuak irakurtzen hasi zenean, laborategia ipini zuen bere etxean. Laborategirako dirua lortzeko, Port Huron eta Detroit (Michigan) bitarteko ibilbidea egiten zuen trenean egunkariak saltzen zituen.

1862an Port Hurongo telegrafi bulegoetan hasi zen lanean. Han, telegrafo bikoitza asmatu zuen. Asmakuntza harekin fama eta diru asko irabazi zituen. Horregatik, 1876. urtean Menlo Park enpresa fundatu zuen. Enpresa hartan, asmakuntza asko egin zituen. Hil zenean, 1.100 asmakuntza patentaturik zituen.

Bere asmakuntza garrantzitsuena, fonografoa da (1877). Baina honez gain, beste asmakuntza azpimarragarri asko ditu. Besteak beste: mikrotelefonoa 1877an, goritasun lanpara 1878an, kinetoskopioa eta zenbait tresna telegrafiko 1894an.

1878. urtean, argia elektrizitate bidez sortzeko zegoen arazoari irtenbidea emango ziola adierazi zuen. Lehenago, beste asmatzaile batzuk ere aritu ziren arazo hari soluzioa bilatzen, baina ez zuten lortu. Swan fisikari-kimikari britainiarrak, karbono-harizpiko goritasun-lanpara asmatu zuen. Baina honek, bonbilaren barruan harizpiak behar zuen adinako hutsik ez zuen eta erre egiten zen airearen oxigenoarekin. Arazo hura kontutan hartuta, Edison beste alanbre baten bila hasi zen. Denbora luzez, platinoarekin aritu zen saiakuntzetan, baina azkenean hura ez zela bilatzen ari zena ohartu zen.

Beste saiakuntza asko egin ondoren, harizpia metalezkoa izatea ez zela derrigorrezkoa konturatu zen. Horregatik, erdierretako kotoi-harizpiarekin saiatu zen eta irtenbidea aurkitu ahal izan zuen. 1879. urtean harizpi harekin egindako bonbila sortu zuen. Momentu hartatik aurrera, argi elektrikoa errealitatea zen. Urte Zahar egunean, bere aurkikuntza erakutsi zuen Menlo Parkeko kale nagusia argiztatuz. Mundu guztiko kazetariak bildu ziren. Edisonentzat hura izan zen bere bizitzako unerik garrantzitsuena.

Baina argi elektrikoaren inguruko saioak ez ziren horrenbestez geratu. Argi elektrikoa erabili ahal izateko, 1881. urtean sorgailu elektrikoa asmatu zuen.

1883an argi elektrikoa hobetzeko saiakuntzetan ari zela, bonbilako harizpi beroaren ondoan, alanbre metaliko bat sartu zuen. Elektrizitatea harizpi berotik, harizpia eta alanbrea banantzen zituen hutsartean zehar, alanbre metalikora pasatzen zela aurkitu zuen, hau da, hutsean eta tenperatura handitan metalek elektroiak igortzen zituztela. Horri, Edison efektua edo efektu termoionikoa deitzen zaio, eta hain zuzen tutu eta balbula elektronikoen funtzionamenduaren oinarri da.

1889. urtean, beste saiakuntza batzuetan hasi zen. Hauetan, argazkiak, elkarren segidan, pantaila batera proiektatzen zituen higidura-sentsazioa emateko. Horretarako, Eastman-ek asmatutako pelikula-mota erabili zuen.

Tomas Alva Edison, West Orange-n (New Jersey-n) hil zen 1931. urteko urriaren 18an.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia