}

Test genetikoak, jomugan?

2010/09/12 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken urteotan asko hazi da analisi genetikoen merkatua. Gero eta gehiago dira, adibidez, Interneten banakako azterketak eskaintzen dituzten enpresak, eta zenbait test ematen dituzte aukeran. Sektoreko zenbait konpainia pribatu jomugan jarri ditu, ordea, AEBko gobernuak egindako ikerketa batek. Iragartzen dituzten frogak “iruzurtzat” jo ditu, eta emaitza asko “funtsik gabeak” direla ohartarazi.
Norberaren zelulak izan ditzakeen lagin bat hartuta egin daitezke analisiak. Behatutako enpresek, adibidez, listu pixka bat eskatzen diete bezeroei.
Maggie Bartlett/NHGRI

Gaur egun, odol-analisi bidez, listu pixka bat emanez edo norberaren zelulak izan ditzakeen beste edozein lagin hartuz, nahiko erraz jakin daiteke aldez aurretik ea pertsona batek genetikoki joera duen bere bizitzan zehar, esaterako, prostata-minbizia, diabetesa edo beste hainbat eritasun pairatzeko.

Zenbait enpresak zuzenean uzten ditu analisi horiek publiko orokorraren eskura. Kontsumitzaileak testa Internet bidez eska dezake; listu-lagin bat postaz bidali, adibidez, eta egun gutxiren buruan jasotzen ditu emaitzak.

Nolanahi ere, AEBko Kongresuko GAO behaketa-erakundeak isilean behatu du konpainia jakin batzuen jarduna, eta berriz ere piztu da halako frogen inguruko eztabaida. Diotenez, “analisien emaitzak hutsalak izan dira kasuen % 68an”.

DNA bera, iragarpen ezberdinak

Gaur egun, nahiko erraz jakin dezake edonork aldez aurretik ea genetikoki joera duen bere bizitzan zehar gaixotasun bat pairatzeko.
Jane Ades/NHGRI

Ikerketan bost boluntariok hartu dute parte. Norberaren bi DNA-lagin lau enpresatara bidali, eta 15 gaitz pairatzeko arriskuen inguruko iragarpenak eskatu zituzten. Haietako lauk jasotako emaitzak kontraesanean omen zeuden haien egiazko ezaugarri medikoekin eta familiako aurrekariekin. Testen prezioa 300 eta 1.000 dolar artekoa zen.

“Frogak fidagarriak izanez gero, DNA berak iragarpen berberak eman beharko lituzke”, dio GAOko kide batek. Ikerketan, ordea, gizon berari prostata-minbizia izateko joera oso txikia zuela esan zion enpresa batek; joera erdi-mailakoa zuela zioen beste batek, eta, hirugarren enpresa batek, berriz, joera handiaz ohartarazi zuen. Adituek diotenez, konpainia bakoitzak markatzaile ezberdinak hautatzen ditu test genetikoak egiteko, eta hortik etor liteke desadostasuna, markatzaileen efektuen araberakoa izango baita emaitza.

Bestalde, beren burua bezerotzat aurkeztuz 15 enpresatara egindako deien berri ere eman dute ikerlariek. Hamar kasutan hauteman dituzte “publizitate iruzurtiaren adibideak”. Enpresa batzuek ziurtatzen dute, adibidez, zenbait gaitz sendatzeko “gehigarri pertsonalizatuak” egiteko gai direla. Beste kasu batean, berriz, bezero bati esan zioten bikotekidearen listua ezkutuan bidaltzeko; “norberaren pribatutasuna urratzen duen ekintza hori legez kanpokoa da 33 estatutan”.

Analisi genetikoa prebentziorako garrantzizko tresna izan daiteke; zalantzak, baina, ikuspegi etikoari eta legalari dagokienez sortu ohi dira batik bat. Genetikako adituak kezkatuta daude konpainia horien lana egiaz profesionala ote den, eta bezeroekin duten harremana behar bezalakoa den; izan ere, emaitzak egoki interpretatzen jakitea ere ezinbestekoa da.

Genetikako adituak kezkatuta daude konpainia horiek banakako bezeroekin duten harremana behar bezalakoa den, emaitzak egoki interpretatzen jakitea ezinbestekoa baita.

Geneetan gaitzen bat izateko joera izateak, adibidez, ez du esan nahi eritasun hori garatuko denik. Testek gaitz batzuekin zerikusia duten gene batzuk aztertzen dituzte, baina gene askoren artean elkarrekintzak daude, eta geneetatik at dauden faktore askok ere eragiten dute gure gorputzean.

Adituen iritziz, GAO erakundeak AEBn egin berri duen ikerketak agerian utzi du, beste behin ere, DNA-testen ebaluazioa eta kontrola hobetzeko premia. Dagoeneko, besteak beste, Elikagai eta Sendagai Administrazioak (FDA) ere sektorea zorrotzago arautzeko asmoa agertu du.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia