Urteak dira krisi bati buruz hitz egiten dutela adituek: ukipen-pantailak fabrikatzeko materialen krisia. Gaurko teknologiak eragindako beste krisi bat gehiago, txipena edo energia berriztagarrien teknologiak funtzionatzeko beste material batzuena bezalakoa.
Ukipen-pantailen kasuan, gure planetan oso urria den metal baten arazoa da: indioa. Ohiko ukipen-pantailak egiteko, indio-oxidoa behar da, eta oso iturri gutxi daude. Gehienak Txinan, Kanadan eta Alemanian. Kontua da beste metal batzuen erauzketaren azpiproduktu urria dela. Alegia, kantitate on bat erauzteko, mineral tona asko txikitu behar dira. Eta geroz eta ukipen-pantaila gehiago erabiltzen ditugu.
Kontu bitxia da. Indioa erabili ordez, ustez, material moderno eta ugari bat erabil liteke: grafenoa. Elektrizitatearen eroale aparta da, gardena, beroa oso ondo disipatzen du, eta sekulako ezaugarriak ditu. Gainera, ikatz kantitate txikietatik, ustez, grafeno asko erauz daiteke, teorian behintzat. Ez da indioa bezain urria, eta ez da ikatz asko txikitu behar grafenoa eskuratzeko.
Duela urte batzuk grafenoarekin emozionatu ginen eta asko goraipatu genuen. Gauza bat falta zen, ordea. Grafenoaren teknologia garatu behar zen, eta emozio hartatik pare bat hamarkadera, oraindik ere ez gara grafenoa asko erabiltzen ari. Nire sentsazioa da urte gutxi batzuren buruan, grafenoa azaltzen hasiko dela gure egunerokoan… baina sentsazio bat da, besterik ez. Nolanahi ere, egunen batean hasi beharko da industria horrelako materialak ustiatzen. Ez da erraza. Baina beharrezkoa da.
Guillermo Roa Zubia
Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea