}

Teklak paperezko zirkuituetan

2012/05/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

teklak-paperezko-zirkuituetan
Arg. Aaron Mazzeo eta William Kalb

Elektronika merkea egiteko soluzio bat paperean oinarritutako zirkuituak egitea da. Baina halako zirkuituetan teklatuak txertatzea erronka teknologiko bat da. Harvard Unibertsitateko talde batek aurkitu du modu bat teklak egiteko, ukitze-pantaila kapazitiboen teknologia imitatzen duena.

Ikertzaileek ez dute teklarik gehitu, baizik eta zirkuituaren parte diren gune batzuek egiten dute teklen funtzioa. Hatza gune horietako batean jarritakoan, zubi eroale moduan jokatzen du zirkuituaren zati horretan, korronte elektrikoa aldatu egiten da, eta zirkuituak detektatu egiten du. Eta hatzekin ez ezik, eskularru finekin ere funtzionatzen du. “Azterketa medikoetarako eskularruak erabili ditugu, 0,1 milimetro baino meheagoak” esan du Aaron Mazzeo ikertzaileak. “Eskularru horiek ohikoak dira giro esteriletan eta kutsatutako inguruneetan babesteko, ospitaleetan, adibidez. Gure teklatuak badu gaitasuna hatzak detektatzeko eskularru horiek tartean egonda ere”. Izan ere, eskularru horiekin smartphoneen ukitze-pantaila kapazitiboak ere erabil daitezke.

Harvard Unibertsitatean egindakoa teklatu numerikoa da. Aluminiozko xafla fin bat paperezko geruza batez estali dute, eta laser baten bitartez “grabatu” dute zirkuitua. Guztira 50 dolar kostatu zaie, baina esaten dute kostu hori murrizteko aukera dutela, eta, modu horretan, erabilera bakarreko diagnostiko-txip merkeak egin ahali zango dira, adibidez, herrialde pobreetan erabiltzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia