Teak, kafeak ez bezala, substantzia babesleak dauzka
2000/08/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
Edari bizigarri honen jatorria Asiako hegoekialdean dago. Gaur egun te-kantitate handiak kontsumitzen dira Erresuma Batuan, Asian eta arabiar herrialdeetan eta, ondorioz, India, Txina, Japonia, Sri Lanka, Afrika eta Brasilen te-soro ugari dago, infusio hau prestatzeko. Hala ere, mundu zabalean hartzen den tea ez da berdina toki guztietan: Europan gehien hartzen dena te beltza bada ere, Asian eta Afrika Arabiarrean te berdea dute gogokoen. Bien arteko ezberdintasuna honako hau dugu: te berdea egiteko tearen hostoak bere horretan erabiltzen dira, te beltzaren kasuan, berriz, te-hostoek erabili aurretik hartzidura prozesua jasan ohi dute.
Teak kafeina eta teobromina substantzia pizgarriak ditu; alabaina, kafeak baino kafeina askoz gutxiago du. Pentsa nolako aldea dagoen: tabernako kafeak 100 ml-ko 212 mg kafeina ditu; te-infusioak, berriz, 30-40 mg / 100 ml-ko. Izenburuan aipatu bezala, teak, kafeak ez bezala, baditu zenbait substantzia onuragarri (te berdeak beltzak baino gehiago, bigarrenean hartzidura-prozesuak galerak eragiten baititu osagaietan); garrantzitsuenak tanino fenolikoak dira, hain zuzen ere. Horiek hesteak lehortzeko ahalmena dute, digestio-aparatuarentzat beste hainbat onura ere bai. Kontuan hartzekoak dira teak eskaintzen dituen flabonoide antioxidatzaile, B2 eta azido foliko bitaminak ere. Horiez gain bihotzeko gaixotasunetatik babesteko ahalmena duela ikusi da, odolean kolesterol eta beste koipe batzuen kontzentrazioa jaitsarazteko gaitasuna duelako.
Aipatutako substantzia onuragarri horiek guztiak barneratzeko, ezinbestekoa da te-poltsa uretan gutxienez bost minututan egotea; estalita badago askoz hobe, osagai horiek uretan disolbatzeko bere denbora behar dutelako.
Goza dezagun beraz te-infusioez, beti bezala bere neurrian (egunean gehienez katilukada parea). Nahi izanez gero, merkatuan baditugu substantzia pizgarririk gabeko melokotoi, marrubi eta abarren zaporea duten te gozoak ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia