}

Tartaglia

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1499-1557)

Tartagliaren benetako izena, Niccolo Fontana zen. Brescian 1499an jaioa dugu matematikari italiar hau. 1512an, tropa frantsesek Brescia konkistatu egin zuten eta erasoan zebilen soldadu batek ezpataz baraila eta ahosabaia hautsi zizkion. Ondorioz, hitz egiteko zailtasunak zituen eta Tartaglia (totela) goitizena ipini zioten.

Tartagliak dena den, pentsatzeko (eta batez ere matematikarako) batere toteltasunik ez zuen. Horregatik Italiako iparraldeko zenbait unibertsitatetan matematika irakasten aritu zen eta 1534. urteaz gero Venezian.

Tartagliak, x3 + px2 = n formako ekuazio kubikoen soluzioa aurkitu zuen; x gaia ez duen ekuazioarena alegia. Aurkikuntza horren inguruan eztabaidak izan zituen 1533an Antonio Maria Piora matematikariarekin. Fior Boloniako matematika-irakaslearen (Scipione del Ferro-ren) ikasle izan zen. Del Ferro-k x3 + mx + n = 0 erako ekuazio kubikoen soluzioa aurkitu zuen (x2 gaia ez zeukan ekuazioak), baina maisuak bere aurkikuntza isilpean gordeta zeukan. Hil baino lehen ordea, Fior ikasleari jakinarazi zion soluzioa.

Fiorrek soluzioa zeukala jakin zuenean, Tartaglia bere kasa saiatu zen eta soluzioa berak bakarrik aurkitu zuen, Fiorrekin zeukan desafioa irabaziz. Tartagliak dena dela, bere aurkikuntza ezkutuan gorde zuen.

1537an, Nova Scientia (Zientzia berria) izeneko liburua osaturik zeukan jadanik eta argitaratu egin zuen. Artileri tratatua zen, gorputzen erorketa-legeak argitzeko aitzindari-lan garrantzitsua. Balistikaren teoriaz argitaratutako lehen liburua zen hura, zeren eta aurrez Leonardo da Vinci-k beste bat egina bazuen ere, ez baitzen argitaratu.

Tartagliaren iritziz, proiektila hasieran kanoiaren ahotik "higidura bortitzaz" ateratzen zen eta bere ibilbidearen amaieran behera "higidura naturalaz" erortzen zen. Bi fase horien artean, "higidura mistoko" zona bat zegoen. Egia esan, teoria hori alde batera utzita ezarri zituen Galileok mende bat geroago balistikaren benetako oinarri sendoak.

Liburua argitaratu bezain azkar, Girolamo Cardanok (Milanon bizi zen fisikari katedradunak) ekuazio kubikoak ebazteko sistema argitara zezan eskatu zion. Tartagliak hasieran ezezkoa eman zion, baina gero, armada espainiarreko artileri kontseilari izateko itxaropenez, ekuazioen ebazpidea Cardanori jakinarazi zion sekretupean gordeko zuen promesaz.

1545ean ordea, Cardanok bere Artis magnae (Arte nagusiak) liburuan ebazpidea argitaratu egin zuen. Tartagliak berriz, bere Quesiti et inventioni diverse (Zenbait arazo eta asmakuntza) liburuan 1546an aurpegiratu zion sekretua haustea eta ondoren Cardanoren ikasle zen Ludovico Ferrari-rekin gutun-trukea izan zuen nork bere postura defendatuz. Beren arteko liskarra eztabaida publiko baten bidez amaitu zuten 1548an eta bertan Ferrari atera zen garaile.

Tartagliak Brescian zeukan irakasle-postua utzi egin zuen, Veneziara bueltatuz. Bere lanik ezagunena Trattato di numeri et misure (Zenbaki eta neurriei buruzko tratatua) da. Oinarrizko matematikak biltzen dituen entziklopedia hau hiru aletan 1556 eta 1560. urte bitartean argitaratu zen.

Tartagliak Euklides eta Arkimedesen lanak ere itzuli eta argitaratu zituen.

Tartaglia Venezian hil zen 1557ko abenduaren 13an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia