SUV autoak dira energiarekin lotutako karbono-emisioen hazkundearen % 20aren erantzuleak
2024/06/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EIE Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, autoen salmentan arrakasta berezia izan dute SUV motakoek. Horrek energia-kontsumoa eta karbono dioxidoaren isuriak areagotzea ekarri du: 2023an, petrolio-eskariaren eta isurien hazkundearen % 25a eta % 20a haiei zor zaie, hurrenez hurren.
Horrez gain, elementu kritikoen beharrak ere piztu du kezka, SUV elektrikoek bateria oso handiak baitituzte. Izatez, gaur egun errepideetan dabiltzan SUV autoen % 5 baino ez da elektrikoa, baina, auto elektrikoen artean, gero eta gehiago dira SUV motakoak. Hala, munduan, SUV autoen % 45 elektrikoak dira, baina, herrialde ekonomikoki aurreratuetan, % 55koa da ehuneko hori.
EIEren txostenean azaldu dute autoak elektrifikatuta lortzen den karbono-isurien jaitsiera ezerezean uzten dutela SUV autoek, eta datu hau ere eman dute: SUV autoak herrialde bat balira, CO2 gehien isurtzen duen bosgarrena izango litzateke, Txina, India, AEB eta Errusiaren ondotik. Hain zuzen, munduan dauden 360 milioi SUV autoek mila milioi tona CO2 isuri zuten guztira; 2022an baino 100 milioi tona gehiago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia