}

Suteak arriskuan jartzen ari dira baso borealen karbonoa biltegiratzeko funtzioa

2019/08/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

suteak-arriskuan-jartzen-ari-dira-baso-borealen-ka
Baso borealak karbono-biltegi nagusienetakoak dira. Arg. Kanadako Gobernua

Iparraldeko basoak funtsezkoak dira karbonoaren zikloan, lurreko karbonoaren % 30-40 biltegiratzen baitute, bereziki, lurzoruan. Ziklo horretan, 70-200 urtetik behin karbonoa askatzen da atmosferara, suteen bidez. Alabaina, klima-larrialdiak suteak gero eta maizago gertatzea ekarri du; horren ondorioz, basoak karbono dioxidoaren biltegi izatetik iturri izatera igarotzeko (eta, beraz, berotegi-efektua areagotzeko) arriskua dago.

Ondorio horretara iritsi dira Ipar Arizona Unibertsitateko ikertzaileak, Kanadako lau unibertsitatetako eta beste erakunde batzuetakoekin batera. Lehenen gidaritzapean, 211 baso-eremu aztertu dituzte. Besteak beste, zoru mineralaren gainean dagoen lurrean metatutako karbonoa kalkulatu dute, suteen aurretik eta ondoren. Horrez gain, 32 lekutan, metatutako karbonoaren zehaztu dute, karbono-14aren teknika erabilita.

Hala, ondorioztatu dute suteetan zuhaizti zaharrek ehunka urtetan metatutako karbonoari eusten diotela, azalean izaten duten lur-geruzaren babesari esker. Ez da hori gertatzen, ordea, 60 urtetik beherako zuhaiztietan.

Aurreikuspen guztien arabera suteak gero eta sarriagoak izango direla ohartarazi dute ikertzaileek. Horren aurrean, basoak babesteko neurriak hartu beharko liratekeela uste dute. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia