}

Supernoba berria

1990/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Astronomoek inoiz ikusi den supernobarik urrunena detektatu dute, gugandik 4 mila milioi urtera dagoen galaxi kumulu batean. Aurkikuntza honek garrantzia izan dezake unibertsoaren hedapen-abiadura kalkulatzeko.

Ikerlariek (Hans Norgaard-Nielsen, Leif Hansen, Henning Jorgensen, Alfonso Aragón, Richard Ellis eta Warrick Couch-ek) 1988.ean aurkitu zuten, 1988U izenez bataiatutako supernoba urruneko galaxien miaketa egiten ari zirenean.

1986.az gero hirurogei galaxi kumulu aztertu ditu talde honek Txileko La Silla-n dagoen danimarkar teleskopioaren bidez. 1988U supernoba abuztuaren 8an eginiko argazkian agertu zen lehen aldiz. Une horretatik aurrera, Kanariar Irletan dagoen William Herschel teleskopioa ere lanean hasi zen. Supernoba Ia motakoa zela ikusi zen eta galaxi kumuluaren erdian kokaturik zegoela.

Ia motako supernobak garrantzitsuak dira kosmologoentzat, guztiek distira-maila maximoa antzekoa dutelako. Distira absolutu hau da Lurretik begiratuta supernobak erakusten duen distira ematen dioten lau faktoreetako bat. Beste faktoreak, izarrarteko hautsak zenbat argimoteltzen duen, supernoba zein urrun dagoen eta unibertsoaren hedadura zenbat astiroagotzen ari den dira.

Faktore guztiak erraz samar kalkula daitezke, unibertsoaren dezelerazio-abiadura izan ezik.

Unibertso irekian (hau da, betirako hedatzen ari den unibertsoan) supernoba unibertso itxian (hots hedatzeari utziko dion unibertso batean) baino argimotelago ikusten da.

Dezelerazio-abiadurak supernobaren itxurazko distiran duen eragina, distantziaren menpekoa da. Supernoba dagoen distantziara, unibertso itxiko eta irekiko supernoben arteko distira-diferentzia 0,28 magnitudekoa da. Diferentzia oso txikia denez, supernoba asko aztertu behar dira ondorio fidagarriak ateratzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia