}

Sudurraren datu basea

2000/04/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Anosmia gaitza dutenek hainbat substantzia ezin dituzte bereizi eta usainak nahastu egiten dituzte

Babarrunen usaina eta ardoarena bereiztea ez da ematen duen bezain prozesu erraza. Pertsona batzuek oso usaimen fina dute eta, ondorioz, usain batzuen eragin handiegia nabari dezakete. Beste batzuek, ordea, usaimen eskasa daukate; erabatekoa denean ‘anosmia’ izena ema- ten zaio, usainak nahastera eraman dezakeen gaitza.

Baina, nola bereizten dira usainak? Merkataritza munduan, zer dute usain puntu perfektuek beste usainek ez dutena? Cornell Unibertsitateko elikagaien arloko ikerlariak, New York estatuan, usainen profilak zeintzuk diren argitzen eta estandar bezala definitzen saiatzen ari dira.

Bertan Jane Friedrich, doktoretza tesia egiten ari da, usain ereduak garatzen lan egiten du. «Demagun jasmin usaina duen olioa usaindu berri duzula, usain hutsa kontsidera daitekeena. Jasmin usaina identifikatzeko gaitasuna proteina hartzaile multzo batean oinarrituta dago. Proteina horiek zure garunak identifika dezakeen patroia egiten dute» dio. Baina erabat definitutako usainak badira ere, adibidez, jasmin usaina, bakoitzak bere modutara usaintzen du, nork berera.

Friedrich-ek bere emaitzak American Chemical Society erakundearen bilera nazionalean aurkeztu zituen, San Franciscon, martxoaren 26an. Ikerketaren izenburua honako hau zen: Gas Kromatografia bidezko usain estandarren hautaketa.

Eskasia bitxia

Hainbesteko usaimen aldaketa izatearen arrazoi bat «anosmia espezifikoa» efektua da. Usaimenaren itsutasuna da, hau da, zenbait substantzia kimikoekiko edo substantzi familiekiko sentikortasun eza, bestelako usaimen arazorik ez duen jendearengan. Anosmia espezifikoak erronka berezia sortzen du zientzialariengan, distortsionatutako datu iturria delako usaimenean oinarritutako frogetan.

Friedrich-ek sentimen frogekin lotutako ohiko adibide bat aztertu du. Duela 30 urte Kaliforniako laborategi batean burututako ikerketa batean azaldutako arazoa da. Proba egin zutenek azido isobutirikoa usaindu behar izan zuten. Azido horrek galtzerdi zikinen edo ahuntzek duten usainaren antza du jende gehienarentzat. Baina proba egin zuten birentzat butirikoak usain gozoa zuen, fruta batena bezalakoa, sagarraren moduko usaina. Beranduagoko esperimentuetan ikusi zen pertsona horiek azido butirikoarekiko anosmia espezifikoa zutela eta nabaritzen zuten fruta usaina azidoaren lagin izaten dituzten ezpurutasunek sortutakoa zela.

«Enpresa batek egin nahi baldin badu aire freskagarri bat eta bere probatzaileetako batek anosmia espezifikoa baldin badu produktu horrekiko, agian oso gutxi usainduko du eta konposizioa aldarazi. Horren ondorioz, kontsumitzaileek gehiegizko usaina duela nabarituko dutela», dio Friedrich-ek. «Hori arazo bat da».

Kimikarien tresnez lanean

Jane Friedrich eta Terry Acree ikertzaileek, gas kromatografoaz aztertu dituzte anosmia espezifikoarekin zerikusia duten konposatuak. Substantziekiko sentikortasuna eta usaimen proteinen genetikarekin dagoen lotura argitzen saiatzen ari dira ikertzaileak. Jendea, orain, usain estandarrak hartzeko ahalmenarengatik sailka daiteke, usain-set batekin eginez gero proba. Set horrek anosmia espezifikoa dutenak identifikatzen lagunduko du.

Friedrich-ek, usain estandarrak erabiliz, usaimenarengatik sailkatutako jende motak bereiz ditzake. 10 pertsonei egin zizkion probak. Bakoitzak 3 eta 30 aste bitarteko epean egin zituen probak. Friedrich-ek eta Acree-k hiru motatan sailkatu dituzte pertsonak: hiperosmikoak (sentikortasun handikoak), hiposmikoak (maila arruntekoak) eta anosmikoak. «Horrek beste ikertzaileei analisiak bideratzen lagun diezaieke», dio Friedrich-ek «Gure oraingo helburua proba osoa hiru usain mailatara murriztea izango da».

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia