Skiatzea gero eta errazagoa

1987/02/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

86-87ko neguan ohizko skiei material ultraberrituak aplikatzeko aukera egongo da. "Abaraska"-erako ebakidura duten taulak edozein skiatzaileren esku jarriko dira; material batzuk, (kevlar eta karbono-zuntza, adibidez), dauden goimalatik jaitsi egingo dira jende gehiagoretzat eskuragarri izatearren; neguko lehiaketa-skien bibrazioen aurkako materialak ski gehiagotan erabiliko dira merkatu egingo direlako, hots, taula osatzen duten xaflen artean, birak ematerakoan edota jauziak egiterakoan sortutako bibrazioak xurgatzen dituzten materialak sartuko dira. Gaurregun, bota taulari itsasteko dauden tresnen bidez (fijazioen bidez), orain arte bateragarri ez ziren marka desberdinen elkarketak lor daitezke. Horregatik 1987. urtean ski on bat luzea, malgua, izotzarekiko itsatskorra eta elur zanpatugabean pasatzeko modukoa izan daiteke.

Radar isladatzailea botetan

Gailu elektronikoa daraman zinta botan itsasten da, irudian ikusten denaren antzera. Teknologia suediarren azken fruitu honen gakoa, elur-roldeek duten arriskuan datza. Sistema elektroniko honen izena, Recco da, eta ez da botetan bakarrik ipintzen; baita erropatan, oskitxotan, motxilatan etab.etan ere.

Recco-ak ski-estaziotan erabiltzen dituzten detektagailu modernoek emititzen dituzten norabide bakarreko radar-uhinak isladatzen ditu. Recco-ak bidalitako oihartzuna helikoptero batetik ere jaso daiteke.

Prezioa ez dago guztiz zehaztuta; oraingoz botekin batera saltzen da.

Ehun berria: 8 aldiz isolatzaileagoa

Ehun honen izena Cap 20 da. Ehunaren iragazkaiztasuna erabatekoa da, hau da, ez da ur-tantarik pasatzen; aldiz, gorputzak transpiraziorako behar dituen aireak eta ur-lurrinak ondo pasatzen dute ehuna. Begibistaz ez da ezer berezirik ikusten; ez Gore-Tex ik, ez Teflon ik eta ezta plastifikaziorik ere. Hauxe da, bada, ehun honen ezaugarririk bereziena, hots, tratamendua ikustezina izatea. Anoraka egiteko behar denaren prezioa, 18.000 pta. ingurukoa da.

Termostatoa duen anoraka

K-Way enpresak atera du artikulu esperimental hau. Berez dotorea den eta kolore biziak dituen anorak honek, hotzaren aurkako armadura osoa dauka. Poltsiko-motxilak daukan estaldura, plastiko aluminizatuzkoa da; ehun batzuetan erresistentziak josirik daude, eta hauek bizkarrean dagoen bateria arin bati konektatzen zaizkio. Bero-autonomia 4 ordukoa da eta bero-maila termostato batez erregulatzen da. Anorak honek skiatzeko ezezik motoz ibiltzeko ere (adibidez) balio du.

Gainera, elur-roldeen aurkako Recco radar-isladagailua erantsita dauka. Baita K-Way Bip a ere. Elur-roldeek skiatzailea azpian hartu badu, zelula fotosentikorrak ez du argirik jasotzen eta garraisi moduko soinua ateratzen du, inguruko edozein pertsonak entzun dezan. Prezioa 70.000 pta.koa da. Ez da txantxetakoa!

Fijazioak: edozer agoantatzen duten 4 errodamendu

Betidanik Tyrolia etxeak arreta berezia izan du botak azkar askatzen eta fijazioen marruskadura txikiagotzen. Fijazioak diseinatzerakoan, bihurdura-indarrak, aldamenerako flexioengatiko erorketak, etab. kontutan hartu behar dira; baita, zola eusten den plakan eta boten muturretan sortzen diren marruskadura parasitoak ere.

Horregatik "400" serieko fijazioetan Teflon-ezko lau errodamendu (beraien ardatzekiko higikorrak dira) ikus daitezke. Nahiz eta oinetakoaren zola hondatu, botak lau puntu hauetan ondo eutsita jarraituko du. Fijazio hauen prezioa, 10.000 pta.koa da gutxi gorabehera.

Hiru bota multirreglatu

Lehenengo bota, Salomon etxeak aurkezten du eta ondoko ezaugarri hauek dauzka:

    Ixteko gakoa oin gainean (kanpotik ikus daiteke)
    Aurreko oinarria erregulatzeko 5 posizio
    Barneko presioa orpoa blokeatuz lortzen da. Doikuntz torlojo mikrometrikoz lortzen da.
    Oin-zolaren posizioa 4 eratara erregula daiteke
  • Aurre aldeko inklinazioaren doikuntza 3 posiziotan (15°, 18°, 21°)

Bigarren bota, Trappeur etxearen eskutik datorkigu. Karbono-zuntza erabiltzen duenez, pisuaren %20 aurrezten da. Doikuntzak lau dira; denak ikustezinak. Lehenengoa orkatilan (orpoa ondo posizionatzeko), bigarrena oinlepoan, hirugarren aitzinapenerako (3 posizio) eta azkena aurrekaldeko presioa arintzeko. Hauez gain beste bi ezaugarri gehiago dauzkate etxe honetako botek: alde batetik Recco isladatzailea erantsita dago eta bestetik erresistentzia bidezko berogailua du oin azpian.

Azkeneko bota, Dolomite enpresa italiarrak aurkezten du. "DS 500" eredua da eta ondoko ezaugarriak dauzka:

    Doikuntza mikrometrikoa, botaren atzetik egin daiteke; presioa oinlepoan egiten da orpoari eusteko.
    Prentsagailua, oinari ondo eusteko
    Gako bidezko herstailua
  • Orpoaren altueraren doikuntza

Hauez gain, berogailu elektrikoa etab. ere aurki ditzakegu bota hauetan.

Bota hauen prezioa 30.000 ÷ 40.000 pta.koa da.

Fondoko skia: errail gaineko skia

Orain arte "alpino" izeneko skiaz eta bere osagaiez hitzegin dugu. Atal honetan fondoko skiaren alorrean Rossignol etxeak aurkeztutako berrikuntza adieraziko dizuegu.

Jakina da fondoko skiatzaileek betidanik azaldu duten arazoa, hau da, ski estua mutur batetik finkaturik dagoen oinetako ez-zurrun batez gidatzeak, orpoan zentraketa-arazoak sortzen ditu; malda handiak igotzerakoan edo jaisterakoan adibidez.

Arazo hau gainditzeko asmoz, Rossignol etxeak skiaren gainekaldean errail-erako erliebea osatu du. Oinetakoaren zolak, errailaren eme-erako erliebea du. Horregatik, oina bere luzera osoan skiaren gainean dagoenean, ez dago ez aldemenerako lasaierarik eta ezta oinaren deszentraketarik ere. Prezioa 50.000 pta. ingurukoa da.

Monoskia motxilan

Chistian Roche ikertzaileak monoski desmuntagarri bat asmatu du. Gailuak, bi pieza bitartekari eta finkapen-sistemaren bitartez, minutu batean "alpino"erako ski-pare bat lotzen du.

Skiak pixkat bereizturik geratzen direnez, lortutako estabilitatea ona da. Prezioa 10.000 pta.koa da gutxi gorabehera.