Sistema immunearen poliziak
2001/03/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Kasu horietan, sistema immuneak berak ez ditu gorputzeko zelulak ezagutzen eta, arrotzekin egiten duen bezala, erreakzionatu eta suntsitu egiten ditu; hartara osasun arazo larriak sortzen dira.

Zorionez, sistema immunearen kontrol-neurriak oso zorrotzak dira eta autoimmunitate-kasuak ez dira oso ugariak. Estatu Batuetako Filadelfiako Wistar Institutuko ikertzaileek Nature Immunology aldizkari espezializatuan sistema immuneko T linfozitoen kontrolari buruz azalpenak eskaintzen dituzte.
T linfozitoak sistema immuneak timoan sortzen dituenak dira eta zelula erasokorrak suntsitzen ditu, baita molekula arrunten aldaerak sortzen dituzten zelulak ere. Gaixotasun autoimmune gehienen sortzaileak gorputzeko molekulekin erreakzionatzen duten T linfozitoak dira. T linfozitoak timoan heltzen dira eta, prozesu horretan, gorputzeko molekulekin erreakzionatzen duten T linfozito kaltegarriak antzeman eta suntsitzen dira. Hala ere, T zelula batzuek kontrol horri ihes egin eta odolera iristen dira. Orain, beste kontrol-neurri batzuk ere badaudela ikusi dute eta T linfozitoen erregulatzaile deitutakoak aztertu dituzte. Zelula horiek polizia-lana egiten dute; T linfozito kaltegarriak antzeman eta, suntsitu beharrean, ongi funtzionaraztea lortzen dute. T linfozitoen erregulatzaileak timoan bertan ere funtzionatzen dute eta gaixotasun autoimmuneak eta sistema immunearen okerrak prebenitzen dituzte.
Gainera, T linfozitoen erregulatzaileak antigenoekiko oso sentikorrak dira, hau da, T linfozito arruntak baino lehenago eta antigeno-kopuru txikiagoaren aurrean erreakzionatzen dute. T linfozito arruntak baino azkarrago iristen dira kaltetutako ehunera eta han oso erraz aktibatzen dira; beraz, T linfozito kaltegarrien aurrean ere oso azkar erreakziona dezakete kaltea sortzen duten tokian bertan.
Ikerketa hori oso garrantzitsua da gaixotasun autoimmuneak ulertzeko eta horientzat sendabide egokiak aurkitzeko. Timoko T linfozitoen erregulatzaileen produkzioa kontrolatzeko bidea aurkitzen bada, gaixotasun horiek eta organo-transplanteetan gertatzen diren errefusak saihesteko bidea izan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia