}

Sistema immunea

2003/02/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gorputzak etengabe jasaten ditu erasoak, bai kanpoko organismoen aldetik bai eta organismoaren beraren aldetik ere. Horietatik babesteko, gorputzak sistema immunearen laguntza dauka. Babesteko gaitasuna jaio aurretik hartzen da, eta jaio eta lehenengo urteetan garatzen da.

Erasotzaileen aurkako lehenengo hesia erantzun immune ez-espezifikoa da, eta oso garrantzitsua da infekzioetatik eta minbizitik babesten duelako. Erantzun honetan parte hartzen duten zelulak neutrofiloak, makrofagoak eta natural killer edo hiltzaile naturalak deitzen zaien zelulak dira. Elementu arrotz bat antzeman orduko, zelula horiek harengana joan, bereganatu eta deuseztatu egiten dute.

Erantzun immune ez-espezifikoak asko babesten badu ere, batzuetan erasotzaileek hesi hori gainditzea lortzen dute. Orduan, erantzun espezifikoa jartzen da martxan. Erantzun hori gorputzak lehendik ezagutzen dituen erasotzaileen aurrean bakarrik jartzen da martxan. Erasotzaile horiei antigeno deitzen zaie, eta horien aurkako berariazkoak diren antigorputzak sortzen ditu sistema immuneak, linfozitoen bidez.

Kanpoko erasotzaileetatik babesteaz gain, gorputzean bertan azaltzen diren minbizi-zelulak ere deuseztatzen ditu sistema immuneak. Beste batzuetan, berriz, sistema immunea bera da gaitzak sortzen dituena; adibidez, berez kaltegarriak ez diren substantzien aurrean erantzuten duenean: landareen polenaren aurrean edo janarien osagairen baten aurrean, esaterako. Eta gerta daiteke gorputzaren beraren osagairen baten aurrean ere erreakzionatzea, hau da, babes-sistema gorputzaren aurkakoa bihurtzea.

Bestetik, sistema immunearen zelulak kontrolik gabe ugaltzen badira, minbizia sortzen da. Horietatik ohikoena leuzemia da.

Norteko Ferrokarrilla irrati-saiorako prestatutako testua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia