Sifilisa Amerikan Europako konkistatzaileak iritsi baino lehenagokoa zela baieztatu dute
2024/12/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sifilisaren jatorria eztabaidagai izan da aspalditik. Jakina bada ere Europako konkistatzaileek gaixotasun infekzioso ugari eraman zituztela Amerikara eta izurri oso larriak eragin zituztela hango populazioetan, sifilisa Amerikatik Europara ekarritako salbuespentzat jo izan dute batzuek. Izan ere, XV. mendearen amaieran, gaixotasun ezezagun batek hondamendia eragin zuen Europan, eta sintomen deskripzioak eta kutsatzeen historiak bat egiten du hipotesi horrekin. Aldiz, beste hipotesi baten arabera, lehendik ere bazegoen sifilisa Europan, eta izurri hark ez zuen zerikusirik Amerikarako bidaiekin.
Orain, Max Planck Institutuko paleontologo molekularrek gidatutako ikerketa batean, sifilisaren familiako bost genoma berreskuratu dituzte Amerikako zenbait herrialdetako fosiletatik: Mexiko, Txile, Peru, eta Argentina. Haiek analizatuta, eta lehendik egindako beste ikerketa batzuen emaitzak aintzat hartuta, sifilisaren familiaren genealogia osatu dute.
Hala, ondorioztatu dute sifilisa eta familiako gaitzak Amerikan sustraituta zeudela, eta Amerikarako lehen bidaiak zirela Europako XV. mendearen amaierako agerraldiaren jatorria. Gero, europarrek berek lagundu zioen gaitzari hedatzen, Afrikan eta Amerikan egindako giza trafikoaren bidez. Ikerketa Nature aldizkarian argitaratu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia