}

Siesta bakean ezin egin!

2002/09/26 Elhuyar Zientzia

Pinguinoek sakonago egiten omen dute lo bazkalostean goizean baino. Hilabete eman du Gerard Dewasmes ekologista frantsesak Antartikan, Crozet artxipielagoko errege-pinguinoak aztertzen. Hegazti basatien loa aztertu nahi zuen, eta metodo bitxi eta gogaikarri samarra erabili du horretarako. Bastoia eskuan, lo zeuden pinguinoei kolpetxoak ematen zizkien minuturo, esnatzen ziren arte. Goizetan bosgarren kolpetxoaren ondoren esnatzen ziren pinguinoak, baina bazkalostean bederatzigarrenera arte egiten zuten lo. Koskada bat baino gehiago merezi zuen ikertzaileak pinguinoen ohitura sozialekin erlazionatu du arratsalde-parteko lo sakonagoa.

Goiz partean pinguino gehienak jan bila ibiltzen dira, alde batetik bestera korrika, eta habia zaintzen gelditzen direnak erne egoten dira lo, ingurukoen kolpe eta bultzadak saihestu eta kume zein arrautzak babesteko. Arratsaldean, berriz, taldearen jarduera txikiagoa da eta pinguinoek lasaiago lo egin dezakete, ikertzaile gogaikarri bat inguruan kolpetxoak ematen ez badabil behintzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia