Siberiako tigrea
1996/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bere itxura benetan beldurgarria da, baina etorkizunaren aurrean erabat izututa agertzen dena berau da, Siberiako tigrea. Izan ere, hainbat talde ekologistetako arduradunek bereak egin duela diote, baina ez dute amore eman nahi Siberiako agintarien aurrean presioa egin gabe. Egoeraren adierazgarri gisa, bertako tigre-populazioa azken urteotan izan duen beherakadari buruzko datuak eman dituzte; garai batean inguru osoko erregea zena, gaur egun erabat marjinaturik bizi da bertan. Iaz 80 ale inguru baino ez ziren ikustatu Siberia osoan. Horra hor beraz, desagertzeko zorian dagoen beste animalia eder bat. Ez al zaizue zerrenda luzeegia iruditzen?
Siberiako tigrearen iraupena arriskuan jarri duten faktoreak asko eta era askotakoak dira. Batetik, tigre-populazioa industrializazioak sortutako lurralde-banaketa berrira ez dela behar bezala egokitu onartzen dute ekologistek. Horixe litzateke bada, arrazoietako bat. Hori baino garrantzitsuagoa da aldiz, giza presioak eragindako egoera. Siberiako tigrearen larruz egindako produktuak luxuzko dendatan saltzen dira Errusian eta Txinako merkatuan ere sarbide erraza omen dute. Joera horren ondorioz beraz, legez kanpoko ehiztariak uholdeka iristen ari dira Siberiara.
Baliko tigrea izan zen lehenik eta ondoren, Javakoaren txanda heldu zen. Leku horietan guztietan ia desagertutzat jo daiteke tigrea. Indiako egoera ez da gozoagoa eta orain, Siberiako tigreari egokitu zaio txanda. Zein izango da hurrengoa?