}

Sexuaren genea baino gehiago

2006/04/02 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

SRY genea gizonezkoen sexuarekin lotu izan da, Y kromosoma n dagoelako, eta gene hori delako mutila 'eraikitzeko' agindua ematen duena fetuaren garapenean. Baina horretarako baino gehiagorako balio omen du gene horrek, eta azken ikerketek Parkinsonen gaixotasunarekin lotu dute, besteak beste.
Batzuetan ez da erraza esaten aldea non dagoen gizonaren eta emakumearen artean. Bereizgarri seguru bat SRY genea da, gizonezkoek bakarrik baitute.

Ez da hainbeste denbora SRY genea identifikatu zutela (1990ean izan zen). Berebiziko aurkikuntza izan zen, gerora ikusi den bezala. Izan ere, gizonak eta emakumeak bereizten gaituena , oinarrian, gene hori da. Fetuak SRY genea badu, barrabilak garatuko dira, eta han testosterona. Testosterona hormona horrek mutikotxoa garatzea eragingo du.

Mutikoa garatzeko seinalea

Fetuan SRY generik ez bada, neskatoa garatuko da. Beraz, ez da seinalerik behar neskatoa garatzeko; mutikoa garatzeko, ordea, beharrezkoa da gene hori. Hori dela eta, ez da harritzekoa kirol-probetan kirolari bat emakumea edo gizona den bereizteko SRY gene horri erreparatzea. Oro har, hainbat hormonaren kantitateak neurtzea nahikoa izaten da gizona eta emakumea bereizteko, baina benetan bereizten dituena gene hori da. Hori dela eta, Atlantako joko olinpikoetatik aurrera gizon-emakumeak bereizteko testa SRY genean oinarritzen da.

Fetuaren garapenean eragin handia du SRY geneak; izan ere, barrabilak garatzea eragiten du, eta hor sortutako hormonek egiten dute mutikoa haztea.

Kontuan izan behar da fetu baten X kromosoma amak ematen duela (obuluan dago). Bigarren sexu-kromosoma aitak ematen du eta Y edo X izan daiteke. Hala, XY bikotea duen fetua mutikoa izango da eta XX duena neskatoa. Izan ere, jatorrian, SRY genea Y kromosoman dago.

Baina badira XX kromosoma-bikotea duten gizonak. Horren azalpena, nola ez, SRY gene horretan dago. Izan ere, akats bat medio, SRY gene horrek salto egin dezake kromosoma batetik bestera, eta jatorrian Y kromosoman izaten den arren, X kromosomara pasa daiteke. Hala, XX bikotea duen fetua mutiko egingo da.

Alderantzizkoa ere gertatzen da; hau da, XY kromosomadun emakumeak ere badira, Y kromosomako SRY genea galdu edo hondatu egin delako.

Sexutik garunera

Zalantzarik gabe, SRY genea ez da edonolakoa. Sexuarekin hertsi-hertsian lotuta dago, baina hara non konturatu diren beste funtzio batzuekin ere zerikusia duela gene horrek, eta ez bakarrik sexuarekin eta ugalketarekin lotutakoekin. Dirudienez, garuneko eremu batzuetan ere erruz espresatzen da genea, eta Parkinsonen gaixotasuna rekin zerikusia izan dezakeelakoan daude ikertzaileak.

Saguekin egin dituzten ikerketen arabera, SRY genea neuronetan ere espresatzen da.
A P Histology

Saguekin egindako ikerketa batean ikusi dute gene hori tiroxina hidroxilasa entzima askatzen duten neuronetan espresatzen dela; eta entzima horrek dopamina izeneko neurotransmisorea sintetizatzea eragiten du. Genea blokeatuta, ikusi zuten dopamina-kantitate erdia sintetizatzen zela, eta horrek eragina zuela saguaren sistema motorrean.

Dopaminaren ekoizpenarekin lotuta daude sistema motorreko hainbat gaitz, esaterako Parkinsonena. Eta, hori dela eta, gaitz horiek nolabait SRY genearekin zerikusia dutela uste dute. Horren alde beste argudio bat ere badago: halako gaitzak ugariagoak izan ohi dira gizonetan emakumeetan baino.

Beraz, gizonezkoen sexuan eta sexu-aparatuan ez ezik, garunak kontrolatzen dituen beste funtzio batzuetan ere uste baino eragin handiagoa dauka SRY gene horrek. Hori baliatuta, gizonek sexua garunean ere badutela idatzi dute aldizkari batzuetan, baina, egia esan, nik ez dut erlazioa aurkitu.

7K-n argitaratua.