}

Sexua eta generoa aintzat hartzeak ikerketak hobetuko lituzke

2019/11/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

sexua-eta-generoa-aintzat-hartzeak-ikerketak-hobet
Arg. Artxibokoa

Hainbat ikerketak erakutsi dute sexua eta generoa kontuan ez hartzeak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela, adibidez, emakumeen osasunean. Orain, bi faktore horiek aintzat hartzeak ikerketak hobetzeko aukera ematen duela aldarrikatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean.

Artikuluan, sexua eta generoa ikerketan kontuan hartzeak ekarritako hobekuntzaren adibideak eman dituzte, arlo desberdinetan: itsas zientzietan, biomedikuntzan, robotikan eta adimen artifizialean.

Esaterako, egileetako batek, Kanadako Osasun Ikerketa Institutuko Tannenbaum ikertzaileak iradoki du litekeena dela etorkizunean emakumezkoek eta gizonezkoek tratamendu erabat desberdinak jasotzea. Izan ere, jakina da sexu-hormonek eragina dutela immunologia-sisteman, eta, horren arabera, antigorputzetan oinarritutako tratamendu desberdinak gara daitezke, adibidez, minbiziari aurre egiteko immunoterapietan.

Azken helburua hau da, egileen esanean: gardentasuna areagotzea, inklusibotasuna sustatzea, eta ikerketa-sistema “berrabiaraztea” sexua eta generoa barneratzeko. Zientzia-sistemaren adar guztiei egin diete dei, elkarrekin eman dezaten pausoa: ikertzaileak, diru-laguntzak ematen dituzten erakundeak, aldizkariak, unibertsitateak…

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia