}

Sexua: beharra eta plazerra

2003/08/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lehen gizaki klonatua benetan klonatua dela frogatzen ez den artean, gizakiak ugaltzeko modu bakarra sexu bidezkoa da. Ikuspuntu biologikotik, sexua bi organismoren arteko truke genetikoa da, ondorengoak sortzeko helburuarekin. Baina ikuspegi zabalago batetik, sexua plazerra ere bada, eta baita giza kulturaren eragileetako bat ere.
Igelak ez dira gehiegi arduratzen ondorenen etorkizunaz, baina arrautza asko jartzen dituztenez, batzuen batzuk behintzat irauten dute.

Landare eta animalia gehienak sexualki ugaltzen dira. Horretarako, bizidun horiek informazio genetikoaren erdia duten zelulak sortzen dituzte, gametoak alegia. Orokorrean, gameto arrei espermatozoide deitzen zaie eta emeei obulu, eta biak elkartzean sortzen da bizidun berria. Gametoak sortzeak, baina, bi desabantaila ekartzen ditu.

Batetik, gametoak sortzeko energia asko gastatzen du gorputzak, eta espezieari ere gehiago kostatzen zaio bi sexuko banakoak mantentzea bakarrekoak baino. Bestetik, biren informazio genetikoa nahasten denez, guraso bakoitzak ondorenari egindako ekarpena erdibitu egiten da. Aldiz, ugalketa asexualean, gene guztiak transmititzen dira ondorengora. Orduan, zein da sexuaren abantaila? Zergatik irauten dute ugalketa sexuala duten espezieek?

Ugaltzeko moduak

Izan ere, sexuala ez da ugaltzeko modu bakarra. Esaterako, bakterioak, besterik gabe, erdibitu egiten dira. Belakiek nahikoa dute zelula bat askatzearekin; zelula bakar horrek kolonia bat sortzen du beste nonbait. Itsas izarrak, berriz, beren gorputz-zati batetik banako oso bat sortzen dute. Badira gemazioz ugaltzen diren izakiak ere: izaki helduaren albo batean kopia oso bat sortzen hasten da, eta, nahikoa hazitakoan, banandu egiten da. Hori egiten du, adibidez, hidrak. Kasu denetan, ondorenek aurrekoaren informazio genetiko berbera dute.

Itsas izarrak gai dira beso bakar batetik organismo oso bat sortzeko.

Ugaltzeko beste era bat partenogenesia da. Ornogabe ugari ugaltzen dira modu horretan; aldiz, ornodunetan, 74 espezie besterik ez dira ugaltzen partenogenesi bidez: 22 arrain-espezie, 23 anfibio eta 29 narrasti. Espezie horien arrautzak ernaldu gabe garatzen dira, eta jaiotzen direnak beren amen klonak dira. Bestetik, espezie batzuk partenogenetikoki ala sexualki; inguruaren kondizioen arabera, era batera edo bestera ugaltzen dira.

Ia ornodun guztiak eta ornogabe eta landare batzuk, berriz, sexualki ugaltzen dira. Sexu-bidezko ugalketa beste erak baino geroago sortu zen, eta orain arte iraun badu abantailaren bat duelako izango da. Eta halaxe da: sexuak espeziearen aldakortasun genetikoa handitzen du; ondorioz, inguruan espeziearentzat kaltegarria den aldaketa bat gertatzen bada, banako batzuek aurrera egiteko aukera izango dute eta espezieak irautea lortuko du.

Aldiz, ugalketa asexuala duten espezieetan, aldakortasun genetikoa oso txikia da, eta egoera larrietan, askoz aukera gutxiago dute aurrera egiteko. Horretaz gain, ugalketa sexualak mutazio kaltegarrien eragina gutxitzeko aukera ematen du.

Sexuaren gatza eta piperra

Landare-espezie askok lore arrak eta emeak izaten dituzte eta sexualki ugaltzen dira.

Hala ere, espezieentzat sexua ez da musu-truk. Bi sexu behar izatea garestia da espeziearentzat, espeziearen banakoen erdiek (arrek) beste erdia (emeak) ernaltzeko bakarrik balio dutelako. Gainera, bi sexu egoteak dezenteko saltsa sortzen du.

Espezie gehienetan, genetikak erabakitzen du enbrioiaren bilakaera: Y kromosoma daramatenak arrak dira, eta gainerakoak emeak. Nolanahi ere, banako batek sexu baten edo bestearen ezaugarriak izatea ez da kromosomen araberakoa bakarrik, hormonek ere eragiten dute, eta gerta daiteke genetikoki sexu batekoa izanda bestearen ezaugarriak azaltzea.

Beste espezie batzuetan, berriz, sexu batekoa edo bestekoa izatea tenperatura-kontua da. Adibidez, krokodiloetan, tenperatura baxua bada enbrioia eme bihurtzen da, eta arra tenperatura altua bada; dortoketan juxtu alderantzizkoa gertatzen da. Badira espezie hermafroditak ere; horietan organismo berak sortzen ditu gameto arrak eta emeak.

Ugaltzeko estrategietan ere barietate handia dago. Atera kontuak: eme batzuek, ernalduak izan eta gero, arra akabatzen dute! Hala ere, jokaera hori espezie gutxi batzuetan besterik ez da gertatzen. Bestela, hainbat espezietan, arrek bikotekide bakarra izaten dute bizi osoan, eta bere geneak transmitituko direla bermatzeko erabiltzen du kumeak zaintzen emandako energia guztia. Beste hainbatetan, aldiz, bikotekidea etengabe aldatzen dute, bateren bat ernalduta geldituko delakoan.

Kume gutxi izaten dituzten espezieek beren kabuz moldatzeko gai diren arte zaintzen dituzte.

Emeetan ere denetik dago: bikotekide bakarra duten espezieetan, kumeak zaintzeko, janaria ekartzeko eta familia babesteko aproposa den arra bilatzen du emeak. Beste espezie batzuetan, berriz, araldian dagoenean, emea ahal duen ar gehienekin uztartzen saiatzen da.

Ondorengoari erreparatuz gero, bi estrategia nagusi bereizten dira: espezie batzuek, arrainek adibidez, ondorengo-piloa izaten dute, baina banakakoek bizirauteko aukera gutxi izaten dute. Beste estrategia aurkakoa da; kume gutxi izaten dituzte, eta ondo zaintzen dituzte heldutasunera irits daitezen. Hori da, adibidez, giza espezieak egiten duena.

Argi dago ugaltzeko hamaika modu eta aldaera daudela. Eta plazerra... zertarako balio du plazerrak? Adituen esanean, emearen ugalkortasuna agerikoa ez den espezieetan, ugalketa gertatuko dela bermatzeko modu bat besterik ez omen da. Beraz, dena ugaltzearen mesedetan da.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia