}

Sendagileek plazeboak erabiltzea zilegi al da?

2001/05/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela sei hilabete, Helsinkiko deklarazioan proba klinikoetan plazeboak erabiltzea eragotzi bazuten ere, orain Medikuen Mundu elkartea (WMA) erabaki hori berriro aztertzen ari da.

2000. urteko urrian, gizakietan egiten diren ikerketa medikuetan arau etikoak ezarri eta Helsinkiko deklarazioan bildu zituzten. Besteak beste, ahal zen kasu guztietan plazeboak erabiltzea gaitzesten zen. Ziotenez, proba klinikoetan gaixoei ahalik eta terapiarik onena eman behar zaie.

Hainbat aditu, ordea, ez daude guztiz ados. Estatu Batuetako FDAren arabera, neurri horrekin oso zaila da zenbait sendagai, batez ere sendagai psikoaktiboak, probatzea plazeboa hartzen duen talde baten beharra ia ezinbestekoa delako.

Maiatzaren 3tik 6ra WMA Frantzian bildu da hartutako erabakia berraztertzeko, ez baitago ikuspuntu bateraturik. Lehentasuna, noski, gaixoak du eta etikoki jokatu beharra dago, baina ez dago hain argi plazeboaren erabilera eragotzi behar den ala ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia