Orain dela hogeita hamar urte Saturnoren iparraldeko poloa inguratzen duen hexagono-formako egitura bitxi bat deskubritu zen. Orain, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak fenomenoa zehatz-mehatz aztertu eta neurtu du sei urtez, eta, beste lorpen batzuen artean, haren errotazio-aldia ezarri ahal izan du. Ikusi dutenez, aldi hori planetarena berarena izan liteke. Hain zuzen ere, Saturno eguzki-sistemako planeta bakarra da errotazioa egiteko zenbat denbora behar duen ezagutzen ez dena. Halaber, jakitera eman dutenez, oso egitura egonkorra da hexagonoa, eta Saturnoko urtaroko aldaketek ere ez dute inolako eraginik horretan, oso gogorrak badira ere. Planetaren ardatzak 27 graduko makurdura duenez, zazpi urtetik gorako gau polarrak izaten ditu, eta, ondoren, argiztapen aldakorra duen 23 urteko aldi luzea dator.
Ikerketa Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dute, eta azalean ere agertu da. Besteak beste, 2004tik Saturnoren inguruan orbitan dagoen Cassini espazio-ontziak egindako bereizmen oso handiko irudiak baliatu dituzte beren ikerketa eta neurketak egiteko.
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.