}

Saturnoko hexagonoa: fenomeno harrigarria

2014/04/09 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

saturnoko-hexagonoa-fenomeno-harrigarria
Saturnoren iparraldeko poloko hexagono-formako egitura aztertu dute EHUn sei urtez Arg. NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute

Orain dela hogeita hamar urte Saturnoren iparraldeko poloa inguratzen duen hexagono-formako egitura bitxi bat deskubritu zen. Orain, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak fenomenoa zehatz-mehatz aztertu eta neurtu du sei urtez, eta, beste lorpen batzuen artean, haren errotazio-aldia ezarri ahal izan du. Ikusi dutenez, aldi hori planetarena berarena izan liteke. Hain zuzen ere, Saturno eguzki-sistemako planeta bakarra da errotazioa egiteko zenbat denbora behar duen ezagutzen ez dena. Halaber, jakitera eman dutenez, oso egitura egonkorra da hexagonoa, eta Saturnoko urtaroko  aldaketek ere ez dute inolako eraginik horretan, oso gogorrak badira ere. Planetaren ardatzak 27 graduko makurdura duenez, zazpi urtetik gorako gau polarrak izaten ditu, eta, ondoren, argiztapen aldakorra duen 23 urteko aldi luzea dator.

Ikerketa Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dute, eta azalean ere agertu da. Besteak beste, 2004tik Saturnoren inguruan orbitan dagoen Cassini espazio-ontziak egindako bereizmen oso handiko irudiak baliatu dituzte beren ikerketa eta neurketak egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia